
Donostian dagoen Arteleku zentroan bi tailer egingo dira hil honetan: Translation: Traducción y translación (apirilaren 24tik 27ra) eta Esperientzia litografikoak poliesterrezko xaflarekin (apirilaren 22tik 26ra). Tailer bietan izena emateko epea zabalik da apirilaren 18a bitarte.
Translation: Traducción y translación Ion Munduate jorratzen ari den egitasmo baten jarraipena da tailer formatuan. Hiru performance izango ditu ardatz: Water walk, John Cage (1960); Locus, Trisha Brown (1975); eta Organic honey’s visual telephaty, Joan Jonas (1972). Munduetaren esanetan, “pieza hauek osatutako markoaren muga eta hauek berriro ikuskatzeak lan esparru berriak askatzea du helburu”.
Bestalde, Iñaki Rifaterrak zuzenduko duen Esperientzia litografikoak poliesterrezko xaflarekin izeneko tailerra, irudien erreprodukzio litografikoari buruzkoa da, trokel gisa poliesterrezko xafla erabiliz. Hala, teknika horrek argazki irudien tratamenduan eta irudigintza tradizionalean dituen aukerak aztertuko dira. Teknika berri horrek, prozesu garabiagoak ahalbidetzen ditu estanpazioan, eta bide berria ere bada sorkuntza grafikoaren esparruan.