BESTELAKOAK

Poesia kaierak, txokolatea eta bizkotxoak

Beñat Sarasola idazle donostiarrak Munduko Poesia Kaierak proiektua aurkeztu zuen atzo, abenduak 2, Donostian. Egitasmo horren baitan, sei koaderno argitaratu nahi dituzte 2014an, hiru udaberrian eta hiru udazkenean.

Udaberrian ondoko autoreen koadernoak argitaratuko dituzte: Georg Trakl (Anton Garikano); Maria Merce Marcal (Itxaro Borda) eta Aime Cesaire (Iñigo Aranbarri); udazkenean, berriz, Carlos Drummond de Andrade (Koldo Izagirre), Emily Dickinson (Angel Erro):, eta, azkenik, Miguel Hernandez (Josu Landa).

Egitasmoaren arduradunek bidalitako oharrean jasotzen denez, “bilduma guk maite ditugun poeten lanekin osatuko dugu, mundu zabaleko poeten testuekin, inoren kanonik jarraitu barik, ezelango estandarren menpekotasunik gabe. Bildumak ez du mugarik, sortzez. Poesiazaleok eta itzultzaileok gogo duguneino ekarriko dizkiogu euskarari mundu osoko (ezen ez soilik lehen munduko) poeten lanak”. Ekimen poetiko interesgarri hori gauzatzeko harpidetza sistema bat abiatu dute.

Aipatutako lanen lagin bat ere ondu dute, “ondorengo aleen simulakro modukoa da 0 alea”, eta Susak Durangoko Azokan izango duen standean izango da eskuragarri.

Bestalde, Munduko Poesia Kaierak proiektuaren zuzendari Beñat Sarasola Bilboko Modesto tabernan egin ohi den Txokolatea eta Bizkotxoak saioan izango da bihar, abenduak 4, 19:30ean. Literatur kritikaren hiztegi batek zein du lehenengo hitz? gaia jorratuko du donostiarrak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button