MUSIKA

Mikel Urdangarinek “MMXV” izeneko lana aurkeztu du

Duela hilabete batzuk, Mikel Urdangarinek erronka ederra jarri zion bere buruari. Otsailean hasita, eta maiatzera bitartean hainbat kontzertu emango zituen inoizkorik biluzien, bere gitarrari helduta. Bere hitza, gitarra eta ahotsa izan dira, hortaz, lan berri honen zutabeak.

Urtearen hasieran proiektua aurkeztu zuenean, lan honen nondik norakoak eman zituen:  “Musika badut konposaturik, joan den urte osoan ibili nintzen horretan. Gero kontzertu guztiak grabatuko ditugu eta kantarik interesgarrienek, osatuenek borobilduko dute lan berria, baina lan hau lasai egin nahi dut, inolako presiorik gabe.”  Handik hona hainbat kontzertu-jardunean murgilduta ibili da kantaria. Kontzertu horiek grabatu zituen eta bertatik hainbat grabazio eder atera ditu gaur aurkeztu duen disko berria borobiltzeko.

“Asmo berri honetan kantak zelan sortzen diren azaldu nahi dut. Ideia betidanik izan dut buruan, baina beste proiektu asko etorri dira segidan eta ezin izan diot eutsi. Orain da unea, eta horregatik deitu diot : Mikel Urdangarin MMXV”.

Izan ere, urte hori aukeratu du Amorebietako abeslariak bakarkako bira egiteko eta inoizkorik biluzien agertzeko: “Lan hori nire esentzia da. Hor Mikel dago” esan du kantariak. Biluzik agertu da, baina era berean “oso babestuta” sentitu da, izan ere kontzertuetan oso harrera beroa jaso du publikoaren aldetik; “esan daiteke, jendearen babes horrek sortu duela disko hau” aipatu du Urdangarinek.

“Abesti sorta horren bitartez bere ibilbide artistiko luze eta oparoa berrikusiko du, emozioz beterik, ahotsa, gitarra eta hitza bidelagun bakar dituela. Bihotz-bihotzetik sorturiko lan honen bitartez, abeslariak, baita entzuleek ere, haien arteko loturak gogoratu eta berpiztu dituzte”.

Aurreko kontzertuetan ikusteko abagunerik izan ez baduzue, apunta itzazue hurrengo hitzorduak: abenduaren 19an, Getxon; urtarrilaren 24an, Beskoitzen; otsailaren 19an, Gasteizen; eta apirilaren 4an, Bilbon.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button