EZLEKUBAT

Mursego: “Ez nuen horrelako harrerarik espero.”

Mursego, saguaren itxura duen ugaztuna da. Berezia da oso, hatzen artean duen mintzari esker hegan egin ahal du-eta. Mursego musikari honen atzean, baina, Maite Arroitajauregi txelo jotzaile eibartarra dago,- besteak beste, Anari eta Lisaborekin lan egin du-, eta oraintsu estreinako diskoa grabatu du Ander Barriuso teknikariren laguntzarekin.

Diskoan biltzen diren doinuak askotarikoak dira. Txeloa nagusitzen da, baina doinuak oso erritmikoak dira. Maitek hizkuntza askotan abesten du, eta hitzak erreferentzia pertsonalekin josiak daude, Zuuuuuu doinua kasu, -Moldy Peachesen Anyone else but you kantuaren bertsioa-, non Gora Japon eta Mikel Laboa aipatzen dituen. Hala ere, pieza instrumental goxoak ere badira, esaterako Hiru Erregen Maila. Harribitxi bereziak dira Mursegoren kantuak. Autoekoitziriko diskoak eta berarekin etorri diren kontzertuek harrera ona izan dute zaleen artean; Maite txundituta, baina pozik agertu da harrera horrekin.

Nondik sortzen da Mursego egitasmoa? Kolaborazio piloa egin duzu, hala nola, Lisabö eta Anarirekin, baina hau al da zure bakarkako lehen proiektua?
Aspaldidanik izan dut bakarka aritzeko gogoa, zerbait pertsonala egiteko, oso osorik nirea den zerbait. Martxoan jo nuen lehen aldiz bakarka Larraskito klubean, bertan Pariseko bi mutil ezagutu nituen eta beraien diskoetxearen aurkezpen jaian jotzera gonbidatu ninduten. Jendearen harrerak bultzatu ninduen hasitakoarekin jarraitzera. Parisen jendeak disko edo myspace helbidea eskatzen zidan, harrituta geratu nintzen.

Ibon Rg eta Maite Arroitajauregi izeneko egitasmoan ere murgilduta zabiltza. Zertan datza?
Hasiera baten elkarrekin inprobisatzeko geratzen ginen. Biok geneukan loop station pedala eta horrekin esperimentatzea izan zen lehenengo pausua. Gutxika-gutxika abesti borobilagoak egitera jo dugu, estruktura jakindun abestiak, hasiera eta amaiera batekin. Ekainean Kristinaeneak antolatutako jardunaldi batzuetan musika jarri genion pare bat film labur esperimentalei; esperientzia interesgarria izan zen.

Itzuli gaitezen Mursegora, nola sortu ziren kantuak? Zein da zure konposatzeko era?
Batzuetan musikaren horizontalitatean pentsatzen dut, hau da, armonian, kapa desberdinak nahastean sortuko den emaitzan; beste batzuetan berriz, melodia batetik abiatzen naiz, ideia batetik, kontzeptu batetik, etab. Inprobisazioa ere tresna baliagarria da abestiak egiterakoan, musikak eman ditzakeen aukera guztiak frogatuz, prozesua emaitzaren parte bilakatuz. Gero, konposatzerako momentuan alde intuitiboak ere pisu handia duela uste dut, eta lana, nola ez…nik ez dut musetan sinesten, entseatzen eta lan egiten ateratzen dira abesti ederrenak.

Diskoaren estudioko lana nolakoa izan da, pozik zaude emaitzarekin?
Pozik nago. Azken finean, egun batean grabatu genuen, gauza batzuk oraindik airean zeudela. Teknikoaren lana, Ander Barriusorena, ezinbestekoa izan da. Ni gehien harritu ninduena nahasketak izan ziren, nola aldatu edo hobetu daiteken abesti bat. Dena den, esan beharra dago diskoan zuzenekoaren esentzia mantentzen saiatu garela. Txeloaz gain, perkusio txikia eta txirula ere grabatu nituen.

Mursegoren lehen lanean biltzen diren doinuak zirriborro itxura dute. Interludioz beteriko lana dela ematen du. Etorkizunean lan sendoago bat lortzeko lehenengo urratsak direla dirudite.
Agian bai, hori ezin da jakin… abesti berriak egiten ari naiz, beraz baliteke beste zerbait grabatzea. Dena den, grabatzekotan era berean egingo nuke, leku berdinean, baliabide berdinekin, teknikari berarekin eta autoekoitzia.

Gainera, zirriborro horiek pintura teknika ezberdinak erabiliz egin dituzula esango nuke, alegia, bakoitza estilo batekoa dela.

Suposatzen dut hori nire eragin musikalak askotarikoak direlako izango dela, musika klasikotik hasi, eta hardcore, pop, punk, musika garaikidea, tradizionala… mota askotako musika maite dut.

Horren harira, nola ikusten duzu zeure burua klasikoa den instrumentu bat pop-aren esparruan erabiltzen? Nola iritsi zinen txelora?
Oso aberasgarria da betidanik jo izan dudan instrumentu horrekin nire gustuko musika egitea, kontserbatorioan partiturak irakurtzen eta interpretatzen irakatsi ziguten, inoiz ere ez musika sortzen. Garrantzitsuena emaitza da ez nola egiten den edo zein musika tresna erabiltzen den. Bestalde, txikitatik jo izan dut txeloa, bere soinua gustukoa nuelako aukeratuko nuen… nork daki…

Tartean bertsioak ere sartzen dituzu, atsegin duzu bete batzuen konposizioak moldatzea?
Moldaketak egitea gozamena da. Gustuko abestiak zureak egiteko modu bat da. Konposatzearen aurreko ariketa bezala ere balio du niretzat. Bestalde, gehienetan abesti berri bat egitea baino errazagoa da.

Hizkuntza asko erabiltzen duzu doinuetan. Ahots-soinu ezberdinak lortzeko hizkuntza ezberdinak erabiltzea lagungarri al zaizu?

Abesti bakoitzaren izaerak hizkuntza bat eskatu zidan. Hizkuntza bakoitzaren sonoritatea interesatzen zitzaidan, beste musika tresna bat balitz moduan. Kasu honetan bai esan dezakedala aukera estetiko-musikal bat izan dela hizkuntza desberdinen erabilera.

Azalaren diseinuan ere ahalegin berezia egin duzula ematen du. Nork egin du diseinua?
Argi neukan lan guzti hori Victor Iriarterekin batera egingo nuela, bion artean aritu ginen. Hamaika telefono dei, e-posta eta buruhausteren ondoren lortu genuen. Azaleko marrazkia Victorrek egin zuen, lehenengo 200 kopietako marrazkia eskuz eta beste 200 kopia tanpoi batekin. Kaxak Juanra Moonpalace diskoetxekoak gomendatu zizkigun.

Diskoa asko aurkeztu duzu zuzenean eta nahikoa ondo saldu da. Horrelakorik espero zenuen? Nola ikusten duzu zeure burua agertoki gainean bakarrik?
Niretzat guzti hau sorpresa bat izan da zentzu guztietan, ez nuen horrelako harrerarik espero, baina gauza aurrera doa eta hasiera baten asko kostatzen bazitzaidan ere gutxika banoa eszenatokiari neurria hartzen. Entzulegoak helarazten didan berotasunak asko animatzen nau.

Azkenik, zertan zabiltza orain eta zein asmo duzu etorkizunera begira?
Orain abesti berriak egiten eta jotzen ari naiz. Dokumental bateko soinu bandan ere parte hartuko dut. Era berean, Bizarrarekin abestiren bat grabatu eta Golporterorekin jarraituko dut jotzen. Binilozko diskoa grabatuko nuke gustura, horman zintzilikatzeko gogoa ematen duen horietakoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button