MUSIKA

Glaukoma Ta Bad Sound eta Bi Bala, Bonberenearen nobedadeak

Tolosako Bonberenea Ekintzak plataformak Glaukoma eta Bad Sound taldeen arteko lankidetza-lana argitaratu du, binilozko hamar hazbeteko formatu erakargarrian: Sua zaintzen. Gaileta gozo horrek bi kantu biltzen ditu: Batak bestetik eta Bizitzaren antzerkia. Hamar hazbetekoarekin batera, CDa ere badator.

Reggae estiloa zabaltzeko eta aldarrikatzeko lana da Glaukoma Ta Bad Sound-ena. Bonberenearen arabera, “reggaearen su-garren inguruan dantzan dabiltzan bi adiskideen arteko elkarlanaren fruitua”. Bonberenea gaztetxean ezagutu zuten elkar bi taldeak eta egitasmo partekatu hau egitea erabaki zuten.

Sua zaintzen Bonberenean bertan grabatu zuen Karlos Osinaga Txap-ek, eta tronboi eta tronpetekin apaindutako pieza bikaina da. Bizitzaren antzerkia, berriz, Irungo GUA estudioan grabatu da, eta Berako MIK estudioetan nahastu, Maikel-en eskutik.

Bi taldeek zuzenekoak ere egingo dituzte, elkarlan aberats hau aurkezteko asmoz: urriaren 29an, Arrasateko gaztetxean izango dira; 30ean, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan; 31n, Tolosako Bonberenean; azaroaren 13an, Bilboko Stage Live aretoan; eta azkenik, azaroaren 14an, Iruñeko Akelarren.

Bi Balaren tiro berria

Ataun eta Orioko musikariek osatutako bertso-rock egitasmoa da Bi Bala. Iaz, Wasabi izenburuko estreinako lana argitaratu zuen, eta oraintsu, halaber, Gure eroyak argitaratu du.  “Bertso musikatuekin   zerikusia duen proiektu honen muina hitzak dira. (…) Jasoko ote du euskal gizarte postmodernoak bertsolari rockero hauen enbata?”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button