ESZENA

“Amua” komedia sentimental politikoa, Arriaga Antzokian

Fuchs anaiak eta Maite Larburu, maitasunaren izenean noraino joan gaitezkeen zalantzan jartzen duen Amua antzezlanaren protagonistak dira. Pieza horren lehen emanaldia atzo izan zen; gaur berriz ikusteko azken aukera egongo da.

Arriaga Antzokian Axut! konpainiak bultzatutako Amua antzerki-proposamenaren bi emanaldi antolatu dira. Obraren abiapuntua testu bat da, Arantxa Hirigoyen, Maite Larburu, Manex Fuchs eta Ximun Fuchsek idatzitakoa.
Azken hiru horiek antzezten dute obra, maitasuna kontzeptu handi bat ardatz duena. “Intimoa den elementu hori eremu publikotik baztertu egin ohi da, ahultasun zeinutzat hartzen baita, adibidez, politikagintzan. Hala ere, zalantzarik gabe, emozioak eta sentimenduak erabakigarriak dira politikagintzan hartzen diren erabaki asko bideratzeko eta zehazteko orduan. Horrelako gogoetak aurki ditzakegu Amua lanean”.

Musika garrantzitsua da piezan eta, zeregin horretan, Maite Larbururen sorkuntza eta jarduna nabarmentzen dira. Aipatzekoa da, halaber, Philippe Ducouk ikuskizunerako koreografiak eraikitzen egin duen ekarpena. Artista guztiek muntaia eder bat oholtzaratzen dute, Ximun Fuchs zuzendari dutela.

Antzezlanaren korapiloa hauxe duzue: Anak bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera. Azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre etorriko dira bai, baina bata eta bestea ez dira jakinean hiru izanen direla. Elkar asko maitatu dute, elkar asko maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea.  Bakoitzak pentsatzen duenaren, esaten duenaren eta egiten duenaren arteko distantziak pertsonaiak biluztuko ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button