MUSIKA

Gora Japonen lan berria, askotariko bilduma

Bidehuts kolektiboak ezustean jakinarazi du nobedade bat gehiago izango duela Durangoko Azokako standean: Gora Japon bikotearen bigarren lana. 2006 eta 2011 bitartean jasotako 14 doinuko bilduma berezia da: zuzenean grabatutako tarteak, lokalean jasotako inprobisazio uneak eta bertsioak biltzen ditu, besteak beste.

Gora Japonen bikotearen arabera, diskoa osatzen duten kantu guztiak zuzenean jaso dira, eta ez dago inolako postprodukzio lanik: “Grabaketa hauek leku eta egoera ezberdinetan egin ziren, eta audioen jatorrizko “kolorea” mantendu nahi izan da. Grabaketa guztiak zuzenean egin dira, musikari guztiak batera joaz eta toma bakarrean, beraz ez dago “overdubbing edo geroagoko ediziorik”.

Hala, grabaketa horiek modu primitiboan jaso dira, teknologia txikia erabilita, kasu gehienetan monoan: “telefono mugikorrak, ordenagailuaren barruko mikrofonoa, bideokamerak eta eskuko Zoom H2 grabagailu txikia”. Hori guztia, jatorrizko “kolorea” mantentzeko xedearekin.

Diskoaren edukia ere koloretsua da; hala nola, zuzenean grabatutako Kraftwerk taldearen bertsio bat, lokalean jasotako inprobisazio tarteak, edota kantuen lehen zirriborroak.

Doinu horietako batzuetan, gainera, zenbait musikariren partaidetza ere entzun daiteke: Tea Party DJ taldeko Lorea Argarate (armonika, gitarra, teklatua) eta Atom Rhumba taldeko Rober!-ek (ahotsa, gitarra).

Askotariko soinu-anabasa Karlos Osinaga Txap-ek masterizatu du, eta grabazioaren izaera berezi horren harira: “Diskoak ez du izenbururik. Kantuek ere ez dute izenik”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button