ARTEA

Iñaki Mendizabalek “Box” argazki liburua plazaratu du

Noctis Photo Books argitaletxeak Iñaki Mendizabalen Box argazki liburua kaleratu du. Egileak boxeolarien mundu ilunaren argi izpiak harrapatu ditu zuri-beltzeko argazki ikusgarri eta esanguratsuetan.

Mendizabalek itxuraz desordenatua eta arrotza zaigun mundu bat ezagutzera gonbidatzen gaitu, eta alegiazko mundu bat eskaintzen digu, mundu erreala bezain sinesgarria dena. Argitaletxearen hitzetan, “hamasei sokek osatzen duten amaraunean sintonia iluna irudikatzen du argazkilariak, gordina bezain ederra, eta irakurlearen esku uzten ditu hortik gorako interpretazioak. Irakurlea diogu, irakurtzeko liburua delako Box, begiratzeko bezainbat. Baina kontuz: ring gaineko borroka zoroa eta kontrolaezina bailitzan, akituta utziko zaituelako, beltzaren beltzez”.

Egileak berak honelako xehetasunak eman ditu kaleraturiko lanari buruz: “Kanpotik ikusi nahi nuke liburua, beste batek ondutakoa bailitzan. Ez da erraza, ordea. Esfortzu horretan tematu naiz azken boladan, eta periferia estrainio horretatik iluntasuna sumatu dut, iluntasun orban sakonak ikusi ditut, beste guztiaren gainetik nabarmentzen direnak. Eta iluntasuna bada argazkilarien isiltasuna, esango nuke isiltasun asko dagoela liburu honetan. Bide batez, neuk ere beharrezkoa dudana, gero eta gehiago.
Tentsioa ere sumatzen dut, eta beldurra, eta bakardadea, eta mina, eta diziplina, eta anabasa, ordena desordenatu bat, mundu desorekatu eta fragil baten aienak, kanpora begira bezainbat barrura begira dagoen mundu baten deiadar mutua; hain da boxeoa bizitzaren pareko.
Edozein kasutan, niretzako garrantzitsuagoa da zuk, irakurle, ikus dezakezuna orrialde hauetan, nik ikus dezakedana bainoago. Finean, liburu honek leiho ireki bat izan nahi duelako, errealitatearen erdimuinotik sortutako mundu irreal baterako bidaiaren abiapuntua. Hortik gorakoa, zure esku”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button