LITERATURA

Argazkia eta literatura hibridatzeko ikastaroa, Bilbon

Irailaren 19tik abenduaren 26ra (asteartero), argazkia eta literatura batzeko helburuz, Txelu Angoitia adituak Photohitzak izeneko ikastaroa emango du Bilboko Foru Liburutegian. Izena emateko epea zabalik duzue irailaren 4tik 14ra arte. Bertan parte hartzeko ez da argazkigintzaren gaineko aparteko ezagupenik, edota gutxieneko ezaugarritako argazki-kamera behar, edozein kamera erabil daiteke.

“Irudi bat mila hitz baino gehiago adierazteko gauza baldin bada, hitz bat hamaika irudi iradokitzeko gai ere izan daiteke. Literaturak eta argazkigintzak bikote emankorra osatzen dute: batak proposatzen duen bitartean, besteak adierazten du. Hitza eta argazkiaren eginkizunak, batzuetan, nahasten dira, bestetan, berriz, osatu, giro bakar batetan murgiltzeko” Ikastaroaren helburuak honako hauek dituzue: Irudietatik abiatuta adierazten ikastea (aukeraketa eta sekuentziazioa, argazkien bidezko kontaketa, ikus-baliabideak, etab.), eta argazkiak ulertzen ikastea ikusmenezko hizkeraren kodeak aztertzen.

Jarduera honek bi atal izango ditu: teoriko eta praktikoa. Atal teorikoan, aurreko puntuan zehaztutako edukiak izango dira aztergai. Praktikoan, berriz, partaide bakoitzak banakako proiektua garatzen joango da literatura eta argazkigintza uztartzen. Horretarako ikasleak testurik aukeratuko du (eleberria, olerkia, abestia, etab., norberak ala beste norbaitek idatzita), inspirazio iturri gisa erabiliko dena argazki-proiekturik gauzatzeko. Argazki zein argazki-liburu batetik abiatuta literatur proiektua garatzeko aukera ere izango da. Saioetan proiektuen jarraipena eta bateratze-lanak egongo dira. Aldi berean, idazlan osagarriak aurkeztuko dira, batzuk teorikoak eta beste batzuk, berriz, izaera literariokoak, inspirazio iturri modura.  Ikastaroan irudiak eta egilearen argazki-lanak ere aztertuko dira, begirada eta interpretazioa hezitzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button