ESZENA

Dantzaldia, dantzaren kaleidoskopioa

Dantzaldiak gaurtik aurrera bere 17. edizioa abiatuko du, eta abenduaren 7ra bitartean, aukera luzatuko dio publikoari dantzari eta koreografo ospetsuen piezez gozatzeko.

Atzo, Lorea Bilbao euskara eta kulturako foru diputatuak, La Fundición-eko zuzendari Laura Etxebarriarekin batera, Dantzaldiaren hamazazpigarren edizioa aurkeztu zuen. Bertan Austria, Portugal, Taiwan, eta Espainiako (Bartzelona, Madril, Sevilla ) taldeek parte hartuko dute, eta guztira sei pieza koreografiko ikusteko parada eskainiko da, irailaren 23tik abenduaren 7ra bitartean

Gaur berton izango da lehen saioa Barakaldo Antzokian, KOR´SIA konpainiaren Cul de sac ikuskizunarekin. Compañía Nacional de Danzaren barruan, erresidentzia egiten ari diren Mattia Russo eta Antonio  de Rosaren eskutik ikusi ahal izan genuen atzo lagin bat. Obra hori Juan Muñoz artista plastikoa omentzeko sortu dute.

Horren ostean, irailaren 24 eta 25ean, Vienako Laroque konpainiak Democrazy izeneko obra taularatuko du. Urriaren 6an, Portugaleko Claudia Dias dantzariaren lan ikusgarria eszenaratuko da. Bi antzezlek, boxeolariz jantzita, dantza egingo dute ring baten inguruan, bortxakeriaren keinuak eta mugimenduak eginez.
La Veronal eta Marcos Morau-ren eskutik Errusia lana helduko da Bilbora, azaroaren 3an. “Baikal lakuaren irudi poetikoak fikzio bezala balio du gu bidaia batean gidatzeko. Bidaiak, ordea, ez du aurrera linealki egingo, sakoneran baizik, eta bidaia horrek eramango gaitu beldur-egoera itxurazko errealitatearekin konektatzera, Errusiako errealitate geografikotik hurbil. Rusia beldurraren irudikapen geografikoa da”.
Azaroaren 26an, Taiwaneko B. Dance konpainiak Floating Flowers Huginn / Muninn Silence Scream Innermost lanak egingo ditu. Asiako hego-ekialdeko tradizioetan duten hainbat pieza ekarriko ditu taldeak, bizitzari eta bizitzako errituei buruz hausnartzeko eta irudikapenez osatzeko.
Azkenik, Parisko Chaillot antzokian estreinatu ostean, Rocio Molinak  bere sorkuntza berria ekarriko du Bilbora, flamenkoaren abangoardiarik  muturrekoena.

Dantzaldiak zineaz gozatzeko aukera ere luzatuko du: Choreoscope Jaialdia Bartzelonan izango da azaroaren 9tik 12ra, eta Dantzaldiaren azaroaren 25eko saioan, Choreoscoperen azken edizioan aurkeztutako film laburren sorta bat proiektatuko da.

Dantzaldia Bilboko hainbat espaziotara zabalduko da: Rekalde Aretoa, Barakaldo Antzokia, La Fundición, Azkuna Zentroa, BBK Aretoa eta Guggenheim Museoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button