ARTEA

Lynne Cohen argazkilariaren obra, Bilbon

 

Joan den ostegunean, Gonzalo Olabarria Kulturako zuzendari nagusiak Lynne Cohen (Racine, Wisconsin 1944 – Montreal 2014) argazkilariaren erakusketa aurkeztu zuen, Nuria Enquita komisarioarekin batera. Erakusketa Rekalde aretoan egongo da ikusgai urriaren 23tik  urtarrilaren 25era arte. Itxura batean jenderik bizi ez den barruko espazioei buruzko lan interesgarri eta koherentea da Cohenena.

Lynne Cohenen obra osoa lehenengo aldiz aurkezten da Europan modu honetan. Guztira 86 argazki paratu dira aretoan, egileak argazkigintzaren kontzeptuarekin eta pop-arekin izan zuen harremanaren historia osoa biltzeko asmoz. Hala, 70eko hamarkadan, Amerikako herri kultura islatu nahi izan zuen, eta  etxeen edo eraikin publikoen barrualdeak harrapatu zituen (egongelak, aretoak, apaindegiak,…). Artistak 80ko eta 90eko hamarkadetan, entrenamendu-leku eta ingeniaritza sozialeko laborategiak jaso zituen bere argazkietan, baita ikasgelak, tiro-eremuak, fabrikak, eta bainuetxeak ere.
“Bere espazioetan ez da inoiz gizakirik agertzen, bertan bizi badira ere figurarik ez dago irudiotan. Hortaz, jendea bizi ez den espazioen apologia dela esan daiteke. Espazio konplikatuak, misteriosoak, ezinezkoak,…. errealitatearen disekzioa egiten du. Argazki bakoitza errealitatearen zati bat da”, aipatu zuen Nuria Enquita komisarioak.

Zuri-beltzetik koloreranzko eboluzio leuna egin zuen, eta era berean, objektuen hurbileko enkoadraketatik beste enkoadraketa zorrotzago batera salto ere egin zuen. Argazkietan erabiltzen duen eskala handiak irudian sartzeko gonbit egiten dio ikusleari, arakatzeko eta lanen interpretazioa egiteko.
Beraren lanak funtsezko lekukotasuna ematen digu hobeto ulertzeko zein konplexuak diren egungo zenbait ingurune eraikindun, egunerokoa izan arren askotan gure ohiturak eta gure harremanak menperatzen dituen arkitektura.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button