ESZENA

“inTACTO” jaialdiaren antolatzaileek geldialdi bat egingo dute

Zortzi urtean hiriko kultur bizitzan erreferentziazko gunea izan ondoren, inTACTO Jaialdiaren antolatzaileek jendaurrean aditzera eman nahi dute ez dutela berriro abiaraziko Gasteizko hizkuntza eszeniko berrien jaialdiaren edizio gehiagorik.

Bada, zortzi urtean, inTACTO Jaialdiak aukera eman dio Gasteizko publikoari artista nahiz Estatuko eta nazioarteko konpainia askoren (70 baino gehiago) lanak gozatzeko. Horiek guztiek formatuen eta hizkuntzen esperimentazioan eta berrikuntzan dihardute lanean, arte bizien alorrean. Zortzi urtean, Jaialdia hazi eta hazi egin da, eta periferiatik ekinez, Estatuko agertokirik errespetatuenetako bat izatea lortu du.
2018ko edizioan, publikoaren erantzuna itzela izan da, eta horri esker, Jaialdiko hiru jardunalditatik bitan sarrerak agortu dira. Orain, inTACTOren antolatzaileek bidean geldialdi bat egingo dutela iragarri dute. Izan ere, ez dago finantza-laguntza egonkorrik eta epe luzekorik; beraz, horren ondorioz, ezin dira lortu beharrezkoak diren iraunkortasun eta bideragarritasun baldintzak. Egoera horrek eragotzita, gainera, ezinezkoa da munta handiagoko etorkizuna prestatzea jaialdiarentzat, ezta lan eta ordainsari baldintza bidezkorik bermatzea ere, ez artistentzat, ez jaialdiaren talde eragilearentzat berarentzat.
Egoerak beharturik, beraz, antolatzaileek erabaki hori hartu eta jendaurrean jakinarazi dute.

“Idazki honen bidez jakinarazi nahi dizuegu aurten, 2019an, ez dela inTACTO Jaialdia egingo. Zaila izan da erabakia hartzea, eta hartu dugu, ezin izan delako behar bezalako testuingururik lortu beste edizio bat abian jartzeko, hau da, behar bezalako baldintzetan eta behar den egonkortasunarekin. Orain, denboraldi bat hasi dugu inTACTOri buruz gogoeta patxadatsuagoa egiteko, hau da, etorkizunean segitu behar ote duen eta nola hausnartzeko”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button