LITERATURA

Paisaia hitz, Eako Poesia Egunetan

Datorren asteko asteburuan izango dira aurtengo Poesia Egunak Ean. Barikutik aurrera, eta igandera bitartean, euskal literaturaz eta bereziki poesiaz hitz egiteko paisaia osatuko da kostaldeko herrixka horretan. Paisaia literarioa paisaia ederrez horniturik.

Uztailaren 15ean, Josu Martinezek eta Iratxe Fresnedak Gure sorlekua fotogrametan izeneko solasaldia izango dute, Eskolondoko liburutegian, 20:00etan. Horren ostean, 22:30ean D´Capricho taldeak Andrazkubak kantaldia eskainiko du.

Larunbatean, uztailak 16, Lutxo Egiak eta Inunek Hiri hori da hiri hau hitzaldia egingo dute Eskolondoko liburutegian, 11:00etan. Eguerdi aldera, Pako Aristi eta Itziar Gomez bikoteak Arrotz eta eder, poemak eta prosak errezitaldia egingo du.
Herri-bazkariaren ostean, Eider Rodriguez, Lorea Agirre, Anari, Idurre Eskisabel, Amagoia Gurrutxaga, Maialen Lujanbio, Ainara Lasa, Kattalin Miner, Jule Goikoetxea, Danele Sarriugarte eta Mursegok osaturiko kolektiboak Baltza nazela dineure izeneko errezitaldia egingo du Bedaronan.
Gau partean bi ekitaldi programatu dira: Ardoa eta odola (Wino i crew) ikusgarria Celosamente Gordea, Napoka Iria eta Joseba B. Lenoirren eskutik, eta kantaldia Mursego eta Kalakan taldearekin.

Azken egunean, uztailak  17, Landa eremua literaturak kontatua hitzaldia egingo du Elurre Iriartek, 11:00etan eta Eskolondoko liburutegian. 13:00etan Iñigo Astiz, Gari eta Oier Aldekoak Gaizki moldatzen dira kontzertua eskainiko dute.
Azkenik, arratsaldean, Goizalde Landabaso, Galder Perez eta Ane Zabalak Babeserako kopia errezitaldia eskainiko dute, 17:30ean, Natxituko bolatokian.

Bestelako informazioa, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button