LITERATURA

Pako Aristik “Arrotz eta eder” poema liburua kaleratu du

Susa literatura argitaletxeak Pako Aristiren Arrotz eta eder poema liburu berriaren aurkezpena egin du gaur goizean, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Pako Aristiren bosgarren poema liburua da Arrotz eta eder.

“Noiz izan gara ederrago 17 urte genituenean baino?, esan ohi dugu; denok baitugu mundua perfektua izan zeneko oroitzapen bat, nork berea. Nolanahi dela, arrotz gara herentzia kultural eta sozialaren menpeko bizi garen artean; eta menpekotasun horretatik askatzen garenean agertzen da gure benetako izaera, eder bihurturik. Noiz izan gara ederrago gaur garena baino?”

Noiz izan gara ederrago
17 urte genituenean baino,
pentsatu izan dut
urteak betetzen nituenero.

Sexuak lore artean
eztanda egin zuen uda hartan
masusta eta marrubizko belazeetan.

Noiz izan gara ederrago
haurra jaio zenean baino,
dio amak, bizitzaren zainetan
odol berri izan zenak.

Noiz izan gara ederrago,
eta bakoitzak du bat
oroitzapenen artean:
baserria erosi nuen egunean,
Himalaiako eternitate zurian,
Hamlet egitera ausartu nintzenean…

Denok dugu mundua perfektua
izan zeneko ideia bat,
dena bere lekuan egon zena.
Ez luzaroan, baina.

Dena mugitu zen gero
gure begien aurrean,
eta maiz pentsatu izan dut:
Ez ote iragan ederretsia
orainaren ukazio, beldurraren amarru?

Urteetan lozorro, orain ziur nago:
Noiz izan gara ederrago
gaur garena baino?
Elurraren sein, taosaren haurride,
laket bizi nahiaren adiskide,
euriaren hitz guztien maitale,
naizena izatearen izua
gainditu ondoren.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button