ARTEA

Gema Intxaustik “Parallel Boulevard” egitasmoa aurkeztuko du gaur, Bilbon

Gure Artea 2018 saria jaso ostean, Gema Intxusti gernikarrak ondutako lehenengo proiektua da Parallel Boulevard, zeina gaur inauguratuko duen Bilboko La Taller gunean, 20:00etatik aurrera. Erakusketa zabalik egongo da martxoaren 8ra arte. Hiru urteko lana da  Parallel Boulevard, eta La Taller gunearen arabera, gizartea, politika eta ekonomiaren mugetan kokatzen da.

Intxausti eguneroko objektuetatik sortutako eskulturak egiten hasi zen, baina denborak aurrera egin ahala, eta Londresen zinea ikasi ondoren, gorputzak eta bere performatibitateak protagonismo handiagoa hartu dute bere obran. “Gorputza eta bere performatibitatea agerian dira bere marrazki-testuetan, gidoietan, kontakizunetan eta aktoreekin egiten dituen ekintzetan, non eskultura eszenaratze bihurtu diren”.

Lourdes Mendez antropologoa eta ikertzailearen aburuz, Intxaustik bere erritmo propioarekin egiten du lan, astiro-astiro. Horrek ahalbidetu dio arte bisualetan garrantzizkoak diren gaien inguruko gogoeta kritikoak txertatzea bere obran, besteak beste, irudikapenaren eta narrazioaren inguruko hausnarketak.

Hala, Parallel Boulevard “zirku pista bat inguratu omen zuten marrazki-testu eta moduluekin osatutako paisaia da, eta bertan ekintza bat gertatzen da: Alicia, ogibidez aktorea, maitasunaren galeraz eta dueluaz egiten du gogoeta”. Aktorearekin garatuko den ekintza hori gaur egingo da, 20:00etatik aurrera. Beste bi hitzordu izango dira: otsailaren 15ean, eta martxoaren 1ean, biak ala biak, 20:00etan egingo dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button