LITERATURA

Katixa Agirre aurtengo Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan saridun

Bilboko Udaleko Kultura Sailak deitutako Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXII. edizioaren irabazleak jakinarazi dituzte gaur goizean. Katixa Agirre Miguelez izan da irabazlea euskarazko kategorian Hesperia, California kontakizunarekin. Elena Alonso Frayle bilbotarrak irabazi du gaztelaniaz idatzitako Misericordia ipuinarekin. Saria 3.500 eurokoa da kategoria bakoitzean.

Aurtengo edizioan 63 lan aurkeztu dira euskaraz, joan den urteko kopuruaren ia bikoitza. Guztira, aurten jatorrizko 379 lan aurkeztu dira, Estatutik kanpoko 29 lan barne, Latinoamerikako herrialdeetatik eta Estatu Batuetatik (10), batez ere.

Euskarazko kategorian, Fernando Morillo, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia idazleek osatu dute epaimahaia, eta euren iritziz, Katixa Agirre idazlearen kontakizunak, besteak beste, tonu bikaina eta freskotasuna ditu.
Katixa Agirre Ikus-entzunezko Komunikazioan Doktore eta irakasle da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU). Berak ere badira Sua falta zaigu, Habitat eta Atertu arte itxaron lanak.

Aipaturiko sariez gain, Elena Alonso Frayle saridunak accesit bat ere lortu du Gente tan afín kontakizunarengatik. Euskarazko kategorian, Aritz Gorrotxategi Mujikaren Guztiok anaiak gara, eta Urt Zubiaurre Otamendiren Araotz lanek ere accesitak jaso dituzte. Paula Zumalacárregui idazlearen Los Larguiruchos lanak beste accesit bat lortu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button