MUSIKA

Lapurdiko Xutik! bandak estreinako lana plazaratu du

Bederatzi lagunek osatzen dute Lapurdiko Xutik! taldea, eta gehienak Zpeiz Mukaki elektro-txarangan aritutakoak dira. Baga-biga diskoetxeak kaleratu duen lehendabiziko lan homonimoan, ska eta reggae estiloetan bustiriko 14 doinu bildu, eta “pasibitasunaren aurkako” hitzekin jantzi dituzte. Diskoa gaur aurkeztu dute Bilbon.

Aurkezpen ekitaldian bederatzi musikariek eta Ritxi Aizpuru Baga-biga diskoetxeko koordinatzaileak parte hartu dute.

Patxi Bidartek (saxoa, gaita eta koroak) azaldu duenez, Zpeiz Mukaki elektro-txaranga Xutik!-en jatorria da. Talde hori 2006 urtean eratu zen eta lau urtez kalean bertsioak jotzen izan ondoren, tartean, Kortaturen doinuak, Xutik! egitasmoa abiatu zuten. “Sorkuntza lana ezezaguna genuen, eta geure kantuak egin nahi genituen”, esan du Bidartek. “Kaletik eszenatokira egin dugun saltoa naturala izan da”, nabarmendu du Ortzi Egoasek (bateria eta ahotsa).

Diskoa iazko maiatzetik irailera bitartean grabatu dute Paxkal Etxepareren estudioan Bardozen, eta grabaketan hainbat kolaboratzailek parte hartu dute. Hala nola, Xabi Solanok (Esne Beltza) eta Pello Reparazek (Vendetta).

Hitzak egiterakoan ere, kolaboratzile ezagunen laguntza izan dute lapurtarrek. Esaterako, Galdua doinuaren hitzak Amets Arzallusek idatzi ditu. Hitzetan ahalegin berezei egin du taldeak. Izan ere, Iparraldeko egunerokotasunetik ateratako gaiak jorratzen dituzte. “Inplikazio gutxi ikusten dugu gure inguruan, eta hori apurtzeko sortu dira gure bi taldeak”, azaldu du Bidartek. Hala, errealitate politikoa, soziala eta kultura ardatz duten kantuak dira Xutik!-enak, beti ere, umorea eta festa nahia ahaztu gabe.

Horrez gain, taldekideen arteko adiskidetasuna nabarmendu du taldeak. “Konplizitate hori eszenatokiari atxiki nahi diogu, eta ikus-entzuleekin partekatu”. Taldearen kantu bat entzun daiteke hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button