ESZENA

Metrokoadroka kolektiboak “21 aulki” zikloa jarri du martxan

Oiartzungo Ehuntze sormen espazioan abian da Metrokoadroka kolektiboak antolatutako 21 aulki zikloa. Lehen zatia abenduaren 22 eta 23 garatzen ari da, eta bigarren zatia urtarrilaren 2tik 4ra izango da.

Ekimenaren helburua “sormen diziplina ezberdinak elkarrizketan jartzea da, formatu ezberdineko ekitaldien bitartez, sortzaileen eta zaleen arteko elkar ezagutza sustatuz eta saretuz.”

Zikloa atzo hasi zen Nagore Legarretaren Ibaia ez da toki bat dokumentalaren proiekzioarekin. Gaur berton, abenduak 23, Oiartzungo hiru sortzaileren (Maria Mendizabal, Aintzane Galardi eta Alaia Gaztelumendi) ibilbideak ezagutzera emango dira sormenaren bitartez eta Artebiografiak izeneko solasaldiren bidez. Bakoitzak bere ibilbidearen adierazle den lan bat ekarriko du, eta hiruron arteko solasaldiaren bitartez musika, literatura eta arte plastikoak izango dituzte mintzagai.

Eta datorren urteko urtarrilaren 2, 3 eta 4an, Idoia Zabaleta & Leticia Morales adituek Ikusmenaren masaia saioa egingo dute. “Masajea ordu betekoa izango da, antzerki saioa ere bai. Ametsa, ordea, laburragoa izango da. Hitzordua eskatu. Antzokira zatoz, lagun batek hartzen zaitu, pilularen bat, eta zenbait objektu gainean dituen mahai baten ondoko ohetxoan etzateko gonbita egiten dizu. Beroa dagoela, tapakiren bat, begiak ixteko, burezurraren barnean uzteko, betazalak berari eskaintzeko eskatzen dizu. Eskuzabaltasunaren eta abenturarako prestutasuna erakusten duzu, noski. Hortik aurrera, argiak itzaltzen dira eta masaje berezi batek, ametsetan ere ikusten duzula gogoratzen dizu.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button