MUSIKA

Ruper Ordorikak eta Montauk Gasteizen joko dute larunbatean

Ruper Ordorikak Guria Ostatuan izenburuko lan berria aurkeztuko du larunbatean, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, 21:00etatik aurrera. Ordorikarekin batera, Montauk talde gasteiztarra arituko da, bikote formatuan.

Jimmy Jazz aretoaren arabera, “Gehienbat bere azken diskoko kantetan oinarrituko da emanaldia, nahiz, jakina, beste sasoi batzuetakoak ere entzungo ditugun. Abesti finak bezain sakonak, bizipen ugari eta bizitza  dastatzen duenaren ikuspegitik sortuak eta moldatuak, pertsonaren barruraino iristen diren kantak.
Ruper ondoko musikariekin izango da oholtzan: Arkaitz Miner (gitarra, mandolina, bibolina), Fernando “Lutxo” Neira (baxua, kontrabaxua) eta Hasier Oleaga (bateria)

Montauk, berriz, Beñat Goitia abeslari eta gitarra-jotzailearen bakarkako doinuetatik sortu den proiektua da. Egitasmoa, hain justu, 2014an gauzatu zen erabat, Gorka Etxebarria (bateria), Goio Saenz (baxua), Aitor Garcia de Vicuña (gitarra) musikariaren partaidetzarekin. Bada, iaz, Bilaketan lehendabiziko lana argitaratu dute gasteiztarrek.

Diskoak giro akustikoetan eraikitako bederatzi pop-rock doinu intimista biltzen ditu, folk eta country estiloetatik edaten dutenak, esperimentaziorako joera sotila ere erakutsiz. “Melodia gordinak, distortsio leun zein garratzak, ahots apal xuxurlatuak eta garrasiak, finean, herdoiltasunera eramango gaituen bidaia”. Nire edo Audience taldeen soinuarekin aldera daiteke Montauk bandaren proposamena.

Informazio gehiago: jimmyjazzgasteiz.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button