ESZENA

Antzerkiaz bustiko dira asteburuan Markinan

Maiatzaren 24an eta 25ean, Antzerkiaz Blai! izeneko jardunaldiak izango dira Markina-Xemeinen, Abarka Antzerki Taldeak eta Uhagon Kulturguneak antolatuta. Ikastaro bat eta bi antzezlan izango dira.

Eneritz Artetxe aktoreak zuzenduko du Antzerki tresnak lantzen izenburuko ikastaroa. Antzerkigintzan erabiltzen diren erremintak jorratuko dira, tartean, ahotsa eta gorputz adierazpidea. Interesa duen edonork parte har dezake, antzerkian esperientzia izan ala ez: kulturgunea@uhagon.com

Antzezlanei dagokienez, ostiralean Khea Ziater konpainiak Satisfaktion obra taularatuko du, 22:00etan Uhagon Kulturgunean. Alex Gerediagak zuzendutako eta Maria Urzelaik antzeztutako formatu txikiko antzerki lana da. Azegiñe Urigoitia jantziez eta eszenografiaz arduratuta da, eta Oier Ituarte, berriz, argiztapenaz.

Obraren sinopsiak honela dio: “Kriss eskarmentudun aktoresa da, urteak daramatza mota guztietako lokaletan bere obrak antzezten. Orain dela gutxi, haurdun zegoela eta, arrakastara zuzenean eramango zuen proiektu bati ezetza eman behar izan zion, zuzendari ospetsu baten pelikulako protagonista izateari alegia. Gaur bere berragerpenaren eguna da eszenatoki gainean, antzeztu gabe gelditu zen prostitutaren pertsonaiari bizitza emanez”.

Larunbatean, berriz, Huts Teatroa taldeak Publikoari Gorroto aurkeztuko du, 22:00etan. Ander Lipus, Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu aktoreek taularatuko dute, Publikoari gorroto. Antzerkiari buruzko hausnarketa jostalaria da Publikoari gorroto. “Publikoarekiko keinuz eta umorez; pixkanaka, ordea, arimaren barrunbe ilunenak joango dira agertzen: krudelkeria, bortxa, botere-harremanak… giza izatearen amildegi ertzera iristeraino”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button