ARTEA

Euskal sorkuntza garaikidearen erradiografia

Euskal sorkuntza garaikidearen erradiografia izan nahi duen Getxoarte bi urterik behin egiten ari da azken boladan, horrexegatik 2012an ez zen arte azokarik izan. Aurten ostera bai, eta horrexegatik, gaur goizean, Rekalde aretoan, aurtengo edizioa aurkeztu dute.

Hala, Getxoarte 2013, arte garaikideko erakustaldia, urriaren 1etik 31ra izango da Getxon, eta 47 euskal artistak parte hartuko dute, horietako gehienak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako fakultatean trebatuak.

Aurtengo ekimenak formatu berria dakar, izan ere, “artiston lanak Getxoko merkartaritza eta ostalaritza lokaletan egongo dira ikusgai hil osoan zehar eguneroko bizitzan sartuko den arte hurbilago bat erakusteko, espazioa eta biztanleria gerturatuz” esan du Getxoko Kultura zinegotziak.

Getxoartek aukera polita eskaintzen die artista gazteei euren lanak (pinturak, argazkiak, marrazkiak, grabatuak eta ikus-entzunezkoak) kaleratzeko, ikusleari hurbiltzeko, bide batez, Euskal Herriko arte plastiko eta bisualen sorkuntza berria bultzatuz eta sustatuz.

Hortaz, epaimahai espezializatu batek aukeraturiko gazte sortzaile hauen lanak Areetan, Romon eta Algortako merkataritza eta ostalaritza zentroetan ikusgai jarriko dira. Arte lanetara jendea modu didaktikoan hurbiltzeko bisita gidatuak ere antolatuko dira euskaraz eta gaztelaniaz.

Getxon, datorren hilabetean, sortzaileen egungo adierazpen plastikoei zabaldutako leiho bat topatuko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button