ESZENA

Arte eszeniko alternatiboen “BBK OFF” jaialdia hastear

Arte eszeniko alternatiboen BBK OFF jaialdiaren bigarren edizioa bihar hasiko da (1etik 3ra eta 7tik 10era). Ekimenaren helburu nagusia pieza eszeniko alternatiboak sustatzea eta erakustea da: antzerki-lanak, performance, antzerki-dantza, zirkua, musika-antzerkia, poesia, spoken word eta abar.

Makina bat kontu interesgarri antolatu dira Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko 50 artista baino gehiagoren eskutik, hamar egunez, areto barruan zein kanpoan.
Bihar, apirilaren 1ean, ostiralez, Technocracia izeneko ikuskizunarekin hasiko da jaialdia. Bertan, musika elektronikoaren eta jaiaren kultura oinarri hartuta, arte bizien gauaz gozatzera gonbidatuko dituzte ikusleak. Haren ondoren, harritzeko, entretenitzeko eta era berean, gogoeta egitera bultzatzen gaituzten hizkuntza nahiz forma eszeniko berriak partekatzeko asmoz egindako ekoizpen-multzoa izango duzue ikusgai.

Aurten, gainera, BBK OFF jaialdiak bere ekintza-esparrua zabaldu du Espainiako estatura iristeko, eta berritasun gisa, programazio ofizialetik kanpo, Europako Perform Europe programari esker, nazioarteko pieza gonbidatuak ere izango ditu, tartean, Billenium eta To those born later izenekoak.

Edizio honek, gainera, Ukrainari elkartasuna adierazi gura dio, eta bakerako deia egin sormenetik, Ukrainako opera bat streaming bidez emanez.

Programazio guztia BBK OFF jaialdiak dauka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button