ESZENA

Proposamen koreografikoen ispilu

Proposamen koreografiko ezberdin bezain interesgarriak ekarriko dituzte La Fundicioneko kudeatzaileak aurtengo Dantzaldira. "Gorputzaren mugimendua ardatz duen egitasmo hau otsailaren 6an hasiko da eta martxoaren 12 bitartean luzatuko da Bilboko hainbat aretotan" azaldu du La Fundicion aretoko kudeatzailea den Laura Etxebarriak. Hala, Euskalduna Jauregian, La Fundicion aretoan, Guggenheim museoan edota Campos Eliseos Antzoki berrituan kokatuko dira antzezpen guztiak.

Aurten Mal Pelo konpainiak zabalduko du XI. edizioa. Bere ikuskizunak He visto caballos izen poetikoa darama eta John Berger idazle eta pentsalariaren testuak oinarritzat hartuta abiatzen da. He visto caballos izeneko deserrotze-narrazio honetan oroimena presentzia bihurtzen da eta gorputz batek bestearen absentzia gogoratzen du. Lanak gizon eta emakume baten arteko harremanera hurbiltzen gaituen poema da, maitasunezko eta erresistentziazko poema bat. Otsailaren 7an da zita, Euskalduna Jauregian.

Nazioartekotasunari begira Lyongo Käfig taldea bueltatuko da Bilbora, oraingo honetan, Brasilgo Companhia Urbana de Dança lankidetzarekin. Akrobazia ikusgarriak eta erritmo bizia airean zabalduko dira. Parisetik ere Maria Donata D´urso gerturatuko da Bilboko eszenatikoetara bere azken interpretazio pertsonala aurkeztera: Mem-brain strata 1. Bertan gorputzak grabitate eta pisuarekin jokatzen du etengabean, behar dituen euskarriak desafio moduan jarrita gure ohituren kontra.

Bertako taldeak ikusteko parada ere izango da, zalantzarik gabe. German Jauregi eta Kukai Dantza Konpainiak izango dira protagonistak ere aurtengo Dantzaldian. German Jauregik bikotean egindako lan bat aurkeztuko du: Sunset on Mars. Musika Borja Ramos bilbotarrak konpasaturik dago.
Azkenik, Kukai Dantza Konpainiak (SOK)2 lana estreinatuko du Campos Eliseos Antzoki berrituan. Egitasmo honetan dantzaren gaineko bi ibilbide eta bi begirada ezberdinen arteko fusio, topaketa edo elkarketa agertzen dira. Alde batetik Jon Maya eta Kukai dantza taldea, eta bestetik, Pantxika Telleria eta Elirale konpainia.

Informazio luzeagoa behar izanez gero Dantzaldiaren webgunean ere begiratu ahal duzue.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button