MUSIKA

Asel Luzarraga euskal idazle atxilotuaren alde 14 musikarik joko dute Bermeon

Kontzertua gaur aurkeztu dute Bilbon eta bertan Lutxo Egia idazlea eta Euskal PENeko kidea, -Asel Luzarraga bera ere PENeko kidea da-, eta Rafa Rueda musikaria izan dira.

Martxoaren 27an Bermeoko Kafe Antzokian egingo den emanaldian honako musikari hauek parte hartuko dute: Ruper Ordorika, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin, Tapia eta Leturia, Gatibu, Ken Zazpi, Joseba Irazoki, Kerobia, Petti, Txuma Murugarren, OST, The Uski's, Asier Serrano eta Leire Saituak. Edorta Jimenezek eta Irati Jimenezek, gainera, kontzertua gidatuko dute.

Sarrerak 10 euro balio du eta honako toki hauetan eros daiteke aurre-salmentan: Bilbon Gatazkan; Bermeon Txalaparta tabernan eta Gernikako Gaztetxean. Ruedak adierazi duenez, sarrerak nahiko azkar saltzen ari dira.

Sortzez bilbotarra, Aselek urte mordoa eman ditu bizitzen Bermeon. Horra kontzertua hor egiteko arrazoi indartsua. Bestalde, Bermeoko Udalak bat egin du Aselekin eta bere gain hartu ditu Kafe Antzokia alokatzearen kostuak. Kontzertua akustikoa izango da, formatu xumean, eta aukera paregabea eskainiko du musikari ugariren laguntzaz bai musikaz gozatzeko bai Aseli elkartasuna adierazteko.

Lutxo Egiaren hitzetan, Bermeoko jaialdi honek salaketa dakar lehenik eta behin. "Ez dugu dudarik egiten Asel atxilo daukatela bere ideiengatik. Fiskalak berak jasotzen ditu bere txostenean Aselek bere blogean idatzitako artikulu bi: El conflicto Winka eta Reflexión abierta sobre el anarquismo vasco. Horrez gain, Luzarragaren defentsak dakarren gastuari aurre egiteko ere balioko du ekimenak. Kasuaren xehetasun guztiak bere inguruko lagunek abiatu duten Aske Errugabea delako! plataformaren webgunean biltzen dira.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button