ESZENA

Roberto Olivánek dantza ikuskizuna aurkeztuko du Donostian

Enclave Arts Del Movement Kataluniako konpainiako Roberto Olivan (Tortosa, Tarragoan, 1972) koreografoak, A place to Bury Strangers izeneko ikuskizuna taularatuko du, larunbatean, apirilak 12, Donostiako Gazteszena aretoan, 20:00etan.

Ikuskizunean zirkuko teknikak eta dantza garaikidea uztartzen dira, eta koreografiak energia handikoak dira. Dena dela, obra honek gehiago dauka dantzatik zirkutik baino. Izan ere, koreografoa bere jatorrietara itzuli da; alegia, dantzara. Hori dela eta, gorputzaren mugimenduetara jo du, sinpletasunera. Koreografoaren hitzetan, “uste dut, bizi dudan unearekin zerikusi zuzena daukala, introspekzio lana egiteko beharrarekin, hunkitzen nauen zerbait egiteko premiarekin”.

Bada, ikuskizunean ez dago ildo narratiborik, ezta tematikorik; bai, ordea, energia, mugimenduak, gorputza, lasterketak, jolasa, espazio eta eztanda koreografikoa… eta, jakina, zirkuaren zantzua ere ageri da.

Donostia Kulturaren arabera, “orainaldia bizitzea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa etorkizunerako nahiak eta ametsak edukitzea. Ikarak, larritasunak eta segurtasunik eza izango ditu helburu istorio honetako bidaia liluragarriak, baina baita esperantzak, amets utopikoak eta espiritua askatzeko bilaketak ere”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button