ARTEA

Histeriari eta minari buruzko irudiak

Elssie Ansareok (Mexiko DF, 1979) El observatorio izeneko argazki erakusketa inauguratuko du bihar, maiatzak 17, Bilbaoarte zentroan. Erakusketa ikusgai egongo da ekainaren 6a bitarte.

Artistaren esanetan, bere lana eszenaren eta ikuslearen arteko hausnarketan mugitzen da joera barrokoa eta teatrala duten irudien bitartez, ikuslea artega jartzeko asmoz.

Erakusketa honetan, baina, ikuslearen tentsioarekin lotutako kontuak baztertu eta obran bertan ardaztu du erakusketa. Horrela, sentsazio hori irudira eraman du alde formalenaren bidez: tentsioan dauden zenbait gorputz ageri dira, XIX. mendeko patologia femenino nagusitik atera dituenak, alegia, histeriatik, “vademecum baten storyboard-a osatuko balute bezala”.

Hala, keinu bera egiten duten gizonen argazkiak egin ditu Ansareok: histeriaren arku ezaguna. Horretaz gainera, erakusketa modeloek emandako objektuekin osatu du. “Lan hau gizabanakoak islatu, psikosomatizatu, eta irudikatzen duen minaren eremuan mugitzen da”. Irudi horiekin batera, beira-arasak ere jarri ditu erakusketan. Beira-arasa horiek natur zientzien kutsua gehitzen diote erakusketari.

Ansareo Arte Ederretan lizentziatua da UPV/EHUn, non Doktoretza ikasketak egin zituen Irudi Teknologikoaren alorrean; hainbat beka eta sari jaso ditu bere ibilbidean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button