ARTEA

“Gorputzak” erakusketa, Gasteizeko ARTgia aretoan

Iosune de Goñi artista nafarrak Gorputzak erakusketa paratu du Gasteizeko ARTgia sorgune & aretoan. Martxoaren 1etik 23a bitartean egongo da ikusgai argazkilaritza analogikoa oinarri duen erakusketa.

Iosune de Goñi Burlatako artistak azaldu duenez, “Gorputzak errealitate materialaren unitateak dira, hedadura mugatua duten materia-zatiak, mundua ulertzeko tresnak. Izenekin batera, gorputzek errealitatea zatitzen dute, mugak finkatzen dituzte. Nire gorputza hemen amaitzen da eta zurea han hasten da: nire mugetatik at, azaletik haratago, harresiaren beste aldean. Mundua zatitzen dugunean baino ezin dugu hura ulertu. Suntsiketa da izatearen baldintza bakarra”.

Testuinguru horretan, hainbat galdera sortu zaizkio egileari: “Baina nork ezartzen ditu mugak? Izenik gabeko gorputzak existitu daitezke? Subjekturik gabeko gorputzak? Izenen eta gorputzen mugak ez ote dira gizakiak (edo, hobe esanda, gizonak) beldurrari aurre egiteko asmatutako ertzak? Natura menderatzeko kateak?”.

Erakusketan esperimentazioaren emaitzak agertzen dira, eta gorputzen arteko mugak suntsitzea bilatu du, errealitatearen antzinako osotasuna berreskuratzeko. “Gorputzari buruz hitz egiten dugunean, gizakiaren gorputz aldaezina eta isolatua etortzen zaigu burura, gurea den gorputz-objektua. Gorputzak, pluralean, materiaren etengabeko aldaketa eta aniztasunari buruzko hausnarketa da”
Irudiek beste gorputz batzuk erakusten dituzte, eraldatzen diren gorputzak, beste gorputzekin bat egiten dutenak, desegiten diren gorputzak.

Hil honetan ere, mintzaldi bi antolatu dira aretoan:  martxoaren 15ean, Mentxu Ramiro Araujo izango da ARTgian, Wikipedian egun dauden generoen arteko desoreketaz hausnartzeko, eta 17an, Tabakalerako zuzendaria Ane Rodriguez Armendaritz Irantzu Lekuerekin batera izango da ARTgian, Eraldaketa: sortzaileON afera proiektuaren baitan antolaturiko hitzaldian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button