LITERATURA

“Literaldia”, gaurtik aurrera Bartzelonan

Euskal literatura protagonista izango da beste behin Bartzelonako Literaldia jaialdiarekin.  Maiatzaren 19ra arte, eta bertako Euskal Etxean, Centelles Liburutegian, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, makina bat kontu literarioz gozatzeko aukera eskainiko du jaialdiak.

Gaur berton abiatuko da Literaldia  Ruper Ordorika kantari oñatiarrak eta Isaac Xubín idazle eta itzultzaile galiziarrak egingo duten saioarekin. Joseba Sarrionandiaren olerkietan oinarritutako poesia eta musika uztartzen dituen Tempo de exilio emanaldia aurkeztuko dute. Centelles Liburutegian izango da hitzordua, arratsaldeko 19:00etan.
Bikote hori berriz arituko da apirilaren 21ean, baina eguerdiko 13:00etan eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Antzokian.
Barikuan, apirilaren 22an, Nerea Mendizabalek eta Marta Fontanak La jirafa Kira liburuaren aurkezpena egingo dute.

Datorren astean, hilak 26, Bartzelonako Euskal Literaturaren Irakurketa Klubean saio berezia antolatu dute Karmele Jaio idazlearekin. Arratsaldeko 19:00etan eta online izango da. Beste saio bat ere antolatu da idazle berberarekin maiatzaren 5ean.

Maiatzaren 12an, Iratxe Retolaza adituak Euskal literaturan gatazka armatuari buruzko irudikapenaren irakurketa feminista izeneko hitzaldia egingo du eguerdian, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Letren Fakultatean, eta arratsaldeko 16:30ean, Bartzelonako Unibertsitateko Josef Carner eraikinean.

Azkenik, maiatzaren 14an, Lluisa Etxeberriaren errezital poetiko, bisual eta gastronomikoa antolatu da bertako Euskal Etxean; eta 19an, Joseba Azkarraga La libertad y los DDHH como objetivo liburuaz mintzatuko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button