ESZENA

Nafarroako Antzerki Eskolan, “Irriziklo” barrez lehertzeko

Nafarroako Antzerki Eskolan Irriziklo ekimena abiatuko da gaur berton, eta hainbat hitzordu bilduko dira bertan, martxoaren azken astera bitartean. Gaur izango da lehen ikusgarria Ttipia Kultura Sustapenak (Joseba Usabiaga eta Iñaki Santos) egingo duen Ni ala zu lanarekin.

Obra barregarri hori ospitale psikiatriko batean gertatzen da. Musikarekin zoraturik dauden pertsonen arteko elkarrizketa zentzugabea eta barregarria da lan honen oinarria. Bertan, Joseba Usabiaga dago, Handia filmeko protagonista, Goenkale telesailean aritutakoa, eta berarekin Iñaki Santos, hainbat antzerki-konpainiatan  (Agerre Teatroa, Dejabu, Bazen behin clown…) lan egin duen aktorea.

Ostiral honetan, otsailak 23, bigarren proposamena izango da, Kondestable Civivoxean, 19:30ean. Barry Manley monologista irlandarrak From Cork to Kortezubi izeneko saioa prestatu du bere bizitza kontatzeko: nola heldu zen Euskal Herrira, zergatik ikasi zuen euskara, eta batez ere, zergatik egiten dituen umorezko monologoak.

Otsailaren 28an, Mikel Martinezek eta Irati Agirreazkuenagak Biba Voi! obra antzeztuko dute. Mikel Martinez aktoreak Dario Foren eta Franca Rameren testu batzuk aukeratu ditu. Berak eta Irati Agirreazkuenagak eszenaratzen dituzte testu horiek irakurraldi dramatizatuaren eta bakarrizketa antzeztuen bidez.

Martxoko hitzorduak honakoak dituzue: Inpernutik natorren artista bat naiz ni! (Txan magoa, martxoak 7); Erradikalak gara (Beatriz Egizabal eta Ane Labaka, martxoak 14); Sexijentziak askatuz (Itziar Saenz de Ojer, martxoak 21), eta Etxeko saltsak (Txalo Produkzioak, martxoak 27).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button