ARTEA

Tabakalerak “Batzuk” erakusketa zabaldu du

Tabakalerak Batzuk erakusketa zabaldu du euskal arte garaikidearen sorkuntza eta komisariotza bultzatzeko xedez. Apirilaren 16ra arte luzatuko den erakusketak Mar de Dios artista bilbotarraren artelanak bildu ditu. Ane Lekuona ikerlari hondarribitarra da komisarioa.

Mar de Dios artista bilbotarrak zeramikazko eskulturak biltzen ditu Lau Pareta aretoan kokatzen den erakusketan. Piezak, “ziurtasunetik, ikasitakotik eta espero daitekeenetik aldentzen diren objektuak dira eta, kontrara, ezberdintasuna, ustekabea edo ezin izendatu daitekeen edertasuna bilatzen dutenak.”

Proposamen honekin, Tabakalerak programazio-ildo berri bat inauguratu du, “euskal testuinguruaren komisario eta sortzaile berriei plataforma bat eskaintzen diena, eta sorkuntzari laguntzeko helburua duena”. Ekimen horren bidez, urtero tokiko testuinguruko euskal artistek komisariatu eta sortutako erakusketa bat proposatuko da.
Komisarioaren hitzetan, Batzuk erakusketak “ezagunaren esparrua zabaltzea bilatzen du, beste fikzio eta irudikapen posible batzuk irudikatzea, eta pentsamendua sortzeko beste modu batzuei buruz hausnartzera gonbidatzen du. Erakusketa hau gorputzaren ohiko abiadura moteltzeko eta beste imajinario posible batzuk aktibatzeko gonbidapena da”.

Mar de Dios artista EHUko Arte Ederren Fakultatean lizentziaduna da, eta Zeramika Masterra du (2018). Artea Ikertzeko Masterra egin zuen Madrilgo Complutense Unibertsitatean, 2015ean. Bera funtzionaltasunaren eta kontenplazio hutsaren artean mugitzen da buztinaren bitartez.
Ane Lekuona (Hondarribia, 1994) artearen historian doktorea da (EHU) eta unibertsitate berean dihardu irakasle. Bere ikerketa-ildoak ikuspegi feministetara, genero-azterketetara eta Euskal Herriko diskurtso narratiboen eta nagusitasun politiko-kulturalaren arteko gurutzaketetara bideratuta daude.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button