MUSIKA

Roddy Frame eta Ben Watt musikarien kontzertuak

Britainia Handiko pop doinuak maite dituzten zaleek bi hitzordu dituzte gaur, Donostian eta Bilbon, Roddy Frame eta Ben Watt hurrenez hurren. Lehenengoa Aztec Camera banda eskoziarrean aritu zen, eta bigarrena, berriz, Everything But The Girl banda ingelesean.

Framek Donostiako Lugaritz kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan joko du,eskoziarraren aurretik Aguxtin Alkhat arituko da; Watt-ek, aldiz, Bilboko Alondegiko Auditorioan joko du. Bi emanaldiak 21:00etan hasiko dira.

Roddy Framek Aztec Camera pop banda ezagunean jo zuen 80ko urteetan. 1983an, High Land, Hard Rain izenburuko estreinako lana argitaratu zuen talde eskoziarrak, eta sekulako arrakasta eskuratu. Taldeak 1995ean plazaratu zuen azken lana, Frestonia, eta harrezkeroztik Framek bakarkako bidea egiteari ekin dio. Gaur, Donostian, Seven Dials disko berri aurkeztuko du.




Ben Wattek, berriz, Everything but the Girl taldean jo zuen 20 urtez, bere bikotekide Tracey Thorn-ekin. 1994an argitaratu zuen bikoteak estreinako lana, Eden, eta 1999ra bitarte, beste hamar disko argitaratu zituen. Taldea desegin eta gero, Watt DJ aritu da hamar urtez, eta Buzzin Fly diskoetxea ere abiatu du. Iaz, baina, jardun hori alboratu eta sorkuntzan murgildu da, buru-belarri: bigarren liburua idatzi du, eta Hendra bakarkako estreinako lana. Folk-rock estiloko lana da, bere hitzetan: “hitzak eta musika”. Londresen eta Berlinen grabatu du, Suede taldeko Bernard Butler-en gitarraren laguntzarekin eta Ewan Pearsonen ekoizlearekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button