ARTEA

Argazki zaharren xarma

Gure historia erakargarria da, eta horren gaineko iruditeria are gehiago, izan ere irudi zaharrek xarma berezi bat gordetzen dute. Hil honetako erakusketa interesgarri bi nabarmendu nahi ditugu, Alzola auzoari eta Irurita herriari buruzkoak.

Ongarri Argazki Taldeak antolatu du Altzola gogoratzen izeneko erakusketa, Elgoibarko Kultur Etxean. Altzola Elgoibarko iparraldean dagoen auzoa da, Mendarorako bidean eta Deba ibaiaren ertzean kokatutakoa. Ezaguna izan da beste sasoi batzuetan bertan zegoen bainuetxearengatik. Gaur egun, bertan, Altzola Ura ur botilatua egiten dute oraindik.
Jose Luis Urbietak egin du lan hau. Jose Luis Altzolan jaioa da eta gaur egun Eibarren bizi da. Bere haurtzaroko oroitzapenak hartu eta Altzolako etxez etxe joan da argazki zaharren bila. Pixkanaka pixkanaka erretratu zaharren bildumatxo bat osatu du. Elgoibarko Kultur Etxeko erakusketa honetan Altzolaren atzerakako begirada bat da. Erakusketan 100 argazki inguru daude ikusgai, gehienak txuri beltzean eta gutxi batzuk koloretan.

Beste alde batetik, Jesus Jaimerena apezak Iruritako herrian bizi zenean bertako dantzak, kirolak, abesbatza eta kultur ekitaldi ezberdinak bultzatu eta antolatu zituen. Pilotazalea, musikazalea eta euskaltzalea izateaz gain, argazkizalea zen eta beren diapositibek 50. eta 60. hamarkadetako Iruritako herria eta herritarrak aurkezten dituzte.

Orain, Dorrea elkarteak argazki erakusketa antolatu du Iruritako Jauregian, abenduaren 20etik 22ra. Erakusketarekin batera, abenduaren 20an, arratsaldeko 19:00etan, Paula Kasaresek,  Baztango udalaren euskal tekinkariak, Euskararen galera eta berreskurapena Iruritako familietan (1970-2010)  hitzaldia emango du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button