ESZENA

“Hau ez da gerra bat” euskarazko antzezlana, Sopelan ikusgai

Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Thusia konpainien Hau ez da gerra bat euskarazko antzezlana Sopelako Kurtzio Kultur Etxean izango da ikusgai martxoaren 22an, ostiralean. Mikel Ayllonek idatzi eta zuzendu du obra, ATX Teatroaren eszenografiarekin, Betitxe Saituaren jantziekin eta Igor Arzuagak lan honetarako propio sortutako musikarekin.

Minaren inguruan gordintasun osoz hitz egiten duen obra bat da honakoa. Gizakiok elkarri egiten diogun minaz, elkarri entzun eta ulertzeari uzten diogunean, dela harreman sentimental batean edo gerra batean.
Aiora Sedano, Gabriel Ocina eta Irati Agirreazkuenaga aktoreak taula gainean izango dira pertsonaia horiek gorpuzten.

Mikel Ayllonek berak hala deskribatu du obra: Hau ez da gerra bat lanean gerrara hurbiltzeko modua soilagoa da, eguneroko keinu itxuraz txikietatik. Bikote batek harremanari amaiera emango dio taberna bateko terrazan, udako iluntze sargori batean. Horrekin abiatu ohi dira gerra asko eta asko. Bikotekide bakoitza gela batean sartuko da. Atea itxiko du, bunker batean nola. Eta hizketan hasiko dira, argudio herrenak eta irain mingarriak desarratzen. Baina batak ez dio besteari entzungo. Ez dute elkar ulertzeko gogorik. Mina dago, besterik ez. Denok bizi izan dugun eguneroko koadro bat izan liteke erraz asko, baina bat-batean, nondik datorren oso argi ez dagoen soldadu bat agertuko da eszenan. Eta horrela sortuko dira geure ezin ulertuen eta gerretako kausa eta ondorioen arteko paralelismoak.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button