ESZENA

Marie de Jongh antzerki konpainiak “Ama” estreinatuko du

Otsailaren 26an, Barakaldoko Antzokian, Marie de Jongh antzerki konpainiak Ama izeneko pieza berria estreinatuko du, 20:00etan hasita. Jokin Oregi aritu da zuzendaritza lanetan eta Ana Martinez, Javier Renobales, Anduriña Zurutuza, Jokin Oregi, Maitane Sarralde, Joseba Uribarri eta Amets Ibarra izango dira antzezleak.

Ama lanak pertsona hauskor eta izutuen baitako sendotasuna du ardatz. Elkar zaintzearen edertasun epikoa balioetsi nahi du super-antiheroiei buruzko istorioa horrek. Goretsi nahiko luke zaintzaren baitan dagoen edertasun epikoa. Guraso zaharren zaintza, apurka-apurka hiltzen doazen horiek, hil ahala gure bizitza zati bat ere haiekin eramaten dutelarik. Emozio sakonena dantzan jarriko du lan horrek, sakontasun hori egunerokotasunetik erreskatatuz, eta han nahastuko dira prosaikoa eta fantastikoa, magia eta oroitzapena, artea eta irria, absurdoa eta tragikoa.

Lanaren sinopsia hauxe duzue: “Mario loft batean bizi da, lantoki eta bizileku den espazioan. Margolaria da, aitaren ofizio berekoa. Aspalditik dabil noraezean, errealitatearen krudelak gaina hartuta. Gurasoak zaharkituta daude oso, eta alaba gaztetxoak ere zaintzeko premia handia du. Mario halamoduz arduratzen da haien zaintzaz, sekula ez du ikasi nola egin, sekula ez du jakin nahi izan nola egin. Mariok erronkari aurre egin beharko dio, bidaia iniziatikoa izango da, familiaren baitan, iraganak oraina zipriztintzen duen bitartean, etorkizunik ba ote dagoen jakiteke.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button