LITERATURA

"Bilbo Samurai" abenturazko eleberria aurkeztu du Fernando Morillok

Sega eskuetan duela agertu da gaur Bilbon Fernando Morillo. Izan ere, eleberriaren izenburua izentzat duen istorioaren protagonistak sega erabiltzen du arma gisa, "zaila da erabiltzeko, baina zaila da ere hari aurre egitea", esan du egileak.
Eleberria Euskal Herri apokaliptiko batean gertatzen da, "ez dago gasolinarik, ez elektrizitaterik…". Bertan, Bilbo Samurai ibiliko da mendeku bila bere lagun Xurirekin. Bilboren anaia hil dute, zein samuraia zen eta dakien guztia irakatsi zion anaiari, "hortik dator segarena, katana erabiltzea ohikoegia izango zen, beraz, sega aukeratu nuen, heriotzaren sinboloa izateaz gain, sinesgarriagoa baita", azaldu du Morillok.

Abentura generoa barrura begiratzen duen zerbait gisa ulertzen du azpeitiarrak. Horrez gain, genero fantastikoa ere aipatu du, eta bereziki zientzia fikzioa, "zientzia zalea naizen aldetik ukitu batzuk era sartu ditut, esaterako mutazioak". Era berean, istorioaren bi ardatzak "umorea eta grina" direla azpimarratu du.

Aipaturiko mendekurako istorio hori da nobelaren hari nagusia, gero autoreak ipuinak txertatu ditu bertan, "azpi-istorio gisa". Azken horietako bat Ziburu herri hondatuan gertatzen da, izan ere, idazlea Iparraldean bizi da, eta "Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko muga psikologikoa aipatu nahi izan dut". Abenturazko nobela fantastiko honek erritmo handia dauka, eta oso bisuala da, komikitik asko edan baitu Morillok: "Cimoc, eta Zona84 gisako komikiak ditut gustuko, Richard Corben marrazkilaria edo Robert Howard Conan pertsonaiaren egilea". Estiloari dagokionez, deskribapen gutxi egin dituela esan du, "irakurleak bere aldetik ere jar dezan". Mikel Sotok, halaber, esan du oso nobela aproposa dela komiki bat egiteko edo zinemara eramateko, eta giro apokaliptikoaren harira, Cormac McCarthy idazle estatubatuarraren The Road lana aipatu du, zein John Hillcoat zuzendari australiarrak maisuki eraman duen zeluloidera.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button