ESZENA

Hemen da aurtengo Dantzaldia

Irailaren 26tik abenduaren 14ra, Dantzaldia 2023, Bilboko Nazioarteko Dantza Jaialdiaren XXIV. edizioa izango da. Dantza garaikidearen hamar bat hitzordu handi programatuko dira Bizkaiko hainbat agertokitan. Aurten, “joan-etorriko bidaia hori egin duten eta oraindik bidean jarraitu arren Euskadin finkatuta dauden dantzari eta koreografo horiek ezagutzea” da asmoa.

Diogun moduan, gaur berton abiatuko da ekimena Rekalde Aretoan, Glovo kolektiboaren Alleo (Arrotza) piezarekin. Hurrengo saioa (bikoitza) urriaren 3an izango da (sarrera doakoa) Arte Ederren Bilboko Museoaren eraikin zaharreko atarian. Hor 2022ko Ojo Critico saria jaso berri duen Chey Jurado Extremadurako dantzariak Samsara interpretatuko du Javito Mariorekin batera. Ondoren, Ertzak Otempodiz aurkeztuko du. Asier Zabaleta koreografoak Mozambikeko bi dantzarirentzat, Fenias Nhumaio eta Deissane Machavarentzat, sortutako pieza da. Bi piezek dantza urbanoak dituzte oinarri.

Urriaren 29an, Filipe Moreira portugesak Escuta lana egingo du Deustuko La Fundición aretoan. Isiltasunari buruzko obra da Moreirarena, eta erabat biluzik arituko da. Azaroaren 2an, leku horretan bertan, Oroitzen naiz / Je me souviens filma proiektatuko da. Film horrek Mizel Theretek hiru ikusle berezirentzako 2011an egindako koreografia jasotzen du.
Azaroaren 11n, Guggenheim Museoan Estévez / Paños y Compañía konpainiak Tríptico #1 lana aurkeztuko du. Flamenkoaren inguruko hiru pieza labur dira.
Astebete geroago, azaroaren 18an, Jesus Rubio Gamoren Acciones sencillas ikuskizun berria izango da Barakaldo Antzokian. Rubio Europako egungo eszenan dagoen dantzaririk interesgarrienetakoa da. Eta azaroaren 23an, soinu ederrez eta argiztapen interaktiboz osaturiko Oecumene pieza oholtzaratuko da.

Azkenik, abenduaren 14an, Igor Calongeren Cielo Raso konpainiaren Hâmaïkà lanak itxiko du jaialdia.

Xehetasun guztiak Dantzaldiak dauzka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button