ARTEA

Zarauzko Photomuseumek 2018ko “Argazki Bilera” antolatu du

Urteroko legez, Zarauzko Photomuseumek 2018ko Argazki Bilera antolatu du. Aurrekoetan bezala, ikusgai jarri diren erakusketek hainbat genero fotografiko (erreportajea, argazkilaritza artistikoa, eta natura-argazkigintza) landuko dituzte. Honek guztiak helburu nagusi bat du: argazkigintzak eskaintzen dituen aukera zabalak ikusleei hurbiltzea.

Maiatzera bitartean programatu diren Argazki Bilera ekimenaren barruko erakusketak honakoak dituzue: Photomuseum aretoan, Maisuak Zuri-Beltzean izeneko erakusketa kolektiboa antolatu dute; Sanz Enea aretoan, Letra Xehez Artea izenekoa; Zazpi galerian, Santiago Yaniz argazkilariak Donegrafiak izeneko argazki bilduma ikusgai jarri du; eta azkenik, Torre Luzean, Jose Ignacio Altunaren argazkiak erakutsiko dira.

Maisuak zuri-beltzean erakusketak Indalecio Ojanguren, Jose Ortiz de Echagüe, Jesus Etxebarria, Ceferino Yanguas, Felipe Manterola eta Salvador Azpiazu maisuen lanak biltzen ditu. “XX. mendeko lehen erdiko zuri-beltzeko irudiek xarma berezia dute eta garaiko eguneroko bizitzara hurbiltzen gaituzte.”

Letra Xehez Artea argazki-erakusketa da, letra xehez idatziriko artea beraz, zeina argazkiak lau eskutara ere osatzeko luxu demokratikoa praktikatzen duen argazkilari-kolektibo batek egina baita.

Dronegrafiak begirada hegalaria proposatzen du. Santiago Yanizen argazki-kameren artean drone bat dago. Argazkia? Dronegrafia baino ez. “Zer da dronegrafia bat? Argazki bat da? Irudi robotiko bat da? Nork egiten du dronegrafia bat? Droneak? Pilotuak? Argazkilariak? Argazkilariaren lizentzien artean dago bere kamera urrun bidalita eta argazkiaren xedea dena zuzen ikusi gabe irudiak lortzea? Dronegrafiak erakusketan eztabaida berria  proposatzen digu”.

Azkenik, Torre Luzean, J.I. Altunaren, Italian bizi den argazkilari gipuzkoarraren lana aurkezten da. Argazkigintza ikasi zuen Milanen eta 1987tik argazkilaritza dauka lanbide. Lan fotografiko honetan egileak irudi ezaguterrazak abiapuntutzat izanik abstraktuak bihurtzen ditu mugimenduari esker.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button