LITERATURA

Nafarroako liburutegi publikoek irakurzaletasuna sustatuko dute

Nafarroako liburutegi publikoek urte honen hasieran hainbat ekimen garatuko dituzte irakurzaletasuna sustatzeko asmoz. Eta hala, Literarte jaialdia, Irakurketaren Epizentroak programa eta Nafarroako Liburutegiko programazioa izango dira irakurketaren inguruko egitasmoak.

Ekimen horien helburua irakurzaletasuna mota guztietako publikoengana hurbiltzea da, erakusketak, hitzaldiak, proiekzioak eta antzerkigileekin egindako topaketen bidez, eta, gainera, Epizentroak programaren kasuan, irakurle gazteenengan jarriko da arreta.
Gainera, 12 liburutegi publikok parte hartuko dute Pamplona Negra jaialdian, eta urtarrilaren 31n Xabier Gutiérrez idazle eta sukaldari donostiarrarekin egingo da topaketa literario-gastronomikoa.

Bidean ere bada Conversaciones literarias izeneko proposamena, urtarrilaren 15ean hasi dena. Edizio honetan, saioek gaur egungo munduaren bidegurutze kulturalak (Rafael Argullol), emakumezkoek berridatzitako historia (Cristina Oroño), literatura eta kazetaritzaren arteko harremana (Juan Gracia Armendáriz), demokraziarekiko nazioarteko mehatxuak (Guillermo Altares), beldurrezko literatura berria (Mariana Enríquez) eta Prado Museoko erakusketa-erabilera berriak (Estrella de Diego) bezalako gaiak hurbilduko dizkiote publikoari.

Feminismoan sakontzeko ere lau hitzaldi daude programatuta: Feminismoa eta espiritualtasuna. Berdinen mundua eraikitzea (Enrique Martínez Lozano), Feminismoa eta pornografia (Mónica Alario), Feminismoa eta queer teoria (Alicia Mirayes) eta Feminismoa eta maskulinitateak (Xabi Odriozola).

Literarte Jaialdiak bere 2. edizioa jarriko du abian, eta lau antzerkigile nafarrek (Ana Maestrojuan, Iratxe Ruiz, Miguel Goikoetxandia eta Yolanda Almeida) lau antzerki-lan sortu dituzte liburutegi publikoetako irakurketa-klubetan irakurritako liburuetatik abiatuta. Osaturiko ikusgarri hori Nafarroako hainbat herritan plazaratuko da.

Irakurketa-kluben Epizentroak programa, Bigarren Hezkuntzako ikasleekin egingo da berriz,  2018an hasi zen eta pandemiak eten zuen. Oraingo honetan 11 institutuk parte hartuko dute irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button