ESZENA

Gasteizeko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan: “Off Lokal”

Makina bat ikuskizun ondu ditu Gasteizeko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 48. edizioak, eta programazioa zabalaren barruan, egunotan, Off Lokal ekimena izango duzue gozagarri.

Ikusleenganako hurbiltasuna eta begirada zuzena dira Off Lokal ekimenaren ezaugarriak, eta horrexegatik, sail horren barruan, Proyecto Larrua, Mary Zurbano eta Ékoma Teatro arituko dira Teatro Principal Antzokian, azaroaren 23, 24, 25 eta 26an. Bi saiotan oholtzaratuko dira piezak, 19:00etan, eta 19:30ean.

Proyecto Larruak Shot the target lana egingo du. “Beti mugitzen gara! Eten egiten gaituzte, baina mugitu egiten gara…Hitz egiten dugu, elkarrizketa etenak…Deseraiki egiten gara, itxuragabetu, gure forma naturalak aldatu… Mugitu egiten gara! Norberarekiko eta norberaren gorputzarekiko gatazkatik bakera. Hori ukatzetik baieztatzera eta onartzera… Mugitu egiten gara! Mugitzen ari diren gure bizitza propioen mapak eta paisaiak gara. Gure mezuen kanala izateko modua bilatzen dugu, hartzaile bat, jomuga bat, xede bat edo helburu bat bilatuz.”

Mary Zurbanok bere aldetik Pez de luz izeneko pieza egingo du. “Nola irten arrainontzitik itsaso zabalera! Clarak olatuak ditu bularretan, hegoak edoskitzen dizkioten olatuak. Clarak itsasoak bezalako ametsak ditu; eskutxo erregutzailez betetako itsasoak, mihiaren azpian gatz eta ahanztura zaporea uzten diotenak. Hondoratze bakoitzean, ur gainean daude, bata bestearen aldamenean, arrainaren negarra eta bere sukar ileak. Hura gatza bezain zuria zen, izaki iheskorra, ia gardena; argi-hari hauskor bati gaizki lotutako arraina. Orain, itsaso osoa haren barruan dago, Clararen kanpoan. Eta emakumea erotu egin zen/arrain bat izan zuelako. / Eta jakin zuelako maitatzen / hasi zen erabat erotzen.”

Azkenik, Ékoma Teatrok Un peu de mélancolie izeneko proposamena dakar. “Homo laborensa, errendimendu-gizartea, laneko autoesplotazioa eta happykrazia. Bizi-nekea, buruko gaixotasunak eta arimaren bihotzekoak. Sei koadro eta epilogo bat. Bi pertsonaia eta malenkonia pixka bat.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button