ARTEA

Natura eta paisaiarekiko miresmena

Iruñeko Michel Menendez Galerian Miguel Oliver margolariak Acuarelas izeneko erakusketa paratu du martxoaren 3ra bitartean.

Akuarela oso teknika zaila da, zailtasun handikoa, baina estilo horrekin pintatzea oso gauza ederra eta sublimea da. Pintzel bustiak forma koloretsuak zabaltzen ditu modu askean paperaren gainean.

Teknika bereziaz gain, sentsibilitatea handia behar da uraren jolasa sortzen denean. Horixe bera lortzen du Iruñeko Miguel Oliver akuarela-egileak. Ibilbide luzeko margolari horrek baliabide ederrak erabiltzen ditu bere paisaiak egiterako orduan. Sentsibilitate handiko artista da, eta trebetasun bereziaren jabe gainera. Teknika espezializatua dauka, izan ere, arkitektura lanak ere egiten ditu, eta ildo horretan eskarmentua du.

Artista horrek miresmen handia dio naturari eta paisaiarekin interes berezia erakutsi du betidanik. Bere grisak eta okreak tonalitate berezia ematen diote udazkenari, espiritualtasun giro bikaina lortuz. Bere egikeran oreka eta ordena transmititzen ditu.

Diogun bezala, akuarela ederrak martxoaren 3ra bitartean ikusgai,  Iruñeko Michel Menendez Galerian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button