ESZENA

Kalealdiaren XVII. edizioa, Bilbon

Bilboko Kalealdia, ekainaren 27tik uztailaren 2ra egingo da Euskal Herriko eta nazioarteko kaleko arte eszenikoen proposamenik interesgarrienekin. Berrogeita hamar ikuskizun baino gehiago izango dira Bilboko Areatzako, Plaza Barriko, Casilda Iturrizarreko eta Arriagako Plazako agertokietan.

Ekainaren 27an izango da lehen ikusgarria Arriaga Plazan, gaueko 22:30etik aurrera: Bilboko eta Gasteizko Udalek ekoiztu duten euskal zirku garaikideko Lurrak.
Horretaz gain, 28 konpainiak hartuko dute parte, horietatik zazpi Euskal Herrikoak dira (Kukai Dantza & Tanttaka Teatroa, Malas Compañías, Markeliñe, Marie De Jongh, Pez Limbo, Garazi Pascual eta Iván González) eta besteak Espainia, Frantzia, Belgika edo Suitzatik datoz.

Estreinaldiak ez dira faltako, horien artean azpimarragarriena Pol & Fredy konpainiaren Le cirque démocratique de la Belgique,  “demokraziaren mugei eta gehiengoaren diktadurarako joeren umorezko antzezlana”.
Uztailaren 1ean eta 2an Areatzako kaian, Kadabresky konpainia frantziarrak malabar, akrobazia, oreka eta poesiaz betetako L’effet  escargot zirku ikuskizuna aurkeztuko du. Beste aldetik, gehien itxaroten den ikuskizunetako bat, Bilboko Kalealdiaren edizio hau itxiko duena izango da, uztailaren 2an, 24:30etik aurrera, Arriaga Plazan. Nazioartean ospe gehien duen Frantziako konpainietako batek, Cirque Rouagesek Sodade ikuskizuna eskainiko du Euskadin lehen aldiz.

Bilboko Kalealdiaren edizio honetan euren azken lanak eskainiko dituzte Kukai Dantza & Tanttaka Teatroa, Malas Compañías, Marie De Jongh, Pez Limbo, Markeliñe, Garazi Pascual eta Iván González euskal konpainiek, dantza, zirku, kaleko antzerki edo clown nahasten dituztenak.

Programazio osoa Kalealdian duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button