ESZENA

Kultur Leioak ekainera bitarteko egitaraua iragarri du

Kultur Leioak 2013ko urtarriletik ekainera bitarte atondu duen egitaraua aurkeztu du gaur goizean. Orotara, 23 ikuskizun eta 24 emanaldi izango dira: zortzi musika-ikuskizunak; nagusiei zuzenduriko bederatzi antzezlan; familia osoarentzako hiru antzezlan, eta nagusi zein haurrentzako dantza, zirkua, eskola-antzerkia ere bai; gainera, euskaraz nahiz ingelesez, ikusi ahal izango dira.

Antzerkiari dagokionez, urtarrilaren 12an, larunbatean (Auditoriumean), Histrión Teatro konpainiak Daniel Veronese argentinarraren Teatro para pájaros antzeztuko du. Otsailaren 23an, berriz, antzerkiak eta umoreak bat egingo dute 2008ko Mexikoko Antzerki sari nazionala irabazitako Los Guggenheim mexikarren Más pequeños que el Guggenheim obran (Auditoriumean). Horretaz gainera, otsailaren 10ean txikientzako antzerkia izango da: Arena en los bolsillos konpainiaren Kanpoaldea toki bat da.

Halaber, Kultur Maratila zikloaren barruan, antzerkia izango da euskaraz Auditoriumean: otsailaren 28an, Horman Poster Kolektiboak Iragan perfektua estreinatuko du; martxoaren 1ean, berriz, Metrokoadroka Kolektiboak Poza: zergatik dantzatzen dute bosniarrek? obra antzeztuko du; martxoaren 2an, Biutz Rouge Eléa konpainiaren lana ikusi ahal izango da zeinak antzerkia, zirkoa eta bideoa uztartzen dituen; eta, azkenik, martxoaren 3an, Lingua Nabajorum (euskararen historio txoroa) antzezlana taularatuko du Tartean Teatroa eta Ez dok hiru bikoteatroa konpainiek.

Txotxongiloak ikusteko parada ere izango da. Hala, martxoaren 8an nagusientzako Carmen lana izango da Auditoriumean, Bambalina Teatre Practicable valentziarren eskutik. Martxoaren 22an, halaber, Azar Teatrok (Gaztela eta Leon) El juicio de Dayton obra aurkeztuko du, eta martxoaren 24an, familiarentzako antzezlana izango da Ganso & Cíaren Babia lanarekin.

Apirilaren 12an bi izango dira hitzorduak: El Óbolo Produccionesen Nuestra señora de las nubes komedia, eta Teatro Paraíso eta Les ateliers de la Colline konpainiek familia osoari zuzenduriko Ezetz hegan egin.

Dantza ikuskizunei dagokienez, urtarrilaren 27an Madrileko Luna Teatrok dantza eta txotxongiloak uztartuko ditu adin guztietako ikus-entzuleentzat den Cenicienta y las zapatillas de cristal lanean.

Apirilean ere bi dantza ikuskizun izango dira: 26an, Rocío Molinaren konpainiak Danzaora ikuskizun flamenkoa aurkeztuko du; eta 28an, Krego-Martín Danza euskal konpainiak Space-ko zarama lana antzeztuko du. Azken hori nagusientzako zein haurrentzako ikuskizuna da.

Askotariko egitarau oparo hau, musikaren atalarekin osatzen da. Egitarau osoaren xehetasun guztiak kulturleioa.com webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button