LITERATURA

“Egungo euskal ipuingintzaren historia” liburua kalean da

Egungo euskal ipuingintzaren historia izeneko lan mardula aurkeztu da gaur goizean Bilbon egin den prentsaurrekoan. Bertaratu direnak, Gidor Bilbao UPV/EHUko Euskara erretoreordea, Jon Kortazar Euskal Literatura Saila bildumaren zuzendaria eta Alvaro Rabelli, Egungo euskal ipuingintzaren historia alearen kudeatzailea.

Proiektu osoa zuzentzen ari den Jon Kortazarrek lanaren tamaina goraipatu du, “… bederatzi urte daramatzagu lanean, ehun bat lan aztertu ditugu eta esan daiteke lan entziklopedikoa egiten ari garela Euskal Literaturaren Historiaren ikertzeko orduan”.

Egungo euskal ipuingintzaren historia alearen kudeatzailea Alvaro Rabelli da eta liburuaren nondik norakoak eman ditu geroxeago. Ipuingintzaren gaineko 21 artikulu-sorta biltzen dituen lan honek, azken hamarkadetan izan diren lan esanguratsuenak aztertu ditu banan-banan, hainbat adituk (Iñaki Aldekoa, Ur Apalategi, Miren Billelabeitia, Ibon Egaña, Jon Kortazar, Alvaro Rabelli, Iratxe Retolaza eta Fco. Javier Rojo) eginiko iruzkin paregabeekin .

Gaur argia ikusi duen lanak euskal ipuingintzaren garapena biltzen du, hasieratik (Joseba Sarrionandia, Narrazioak, 1983) gaur arte (Jokin Muñoz, Bizia lo, 2002), eta hauez gain genero berezi hau zertan zen, eta zein arazo dituen ere argitzen saiatu da lan talde hau.

Lan osoan zehar, hogeita bat ipuin-libururen gaineko artikulu sorta bildu dira, beste hainbeste egile hartuta, izan ere, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Arantxa Iturbe, Iban Zaldua eta Jokin Muñozek, besteak beste, azken hamarkadetan idatzitako ipuinak izan ditu aztergai ale honek.

“Ipuingintza oso gutxitan dago azalduta historian, eta horrexegatik, urrunago joan nahi izan dugu lan honekin diziplina honek dituen mugak azaltzeko eta era berean, ipuingintza modernoaren oso ikuspegi zabal eta orokorra eman hala izateko, izan ere, ahots eta estetika askotariko diziplina da gurea”, esan du Alvaro Rabellik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button