ESZENA

Loraldia gaur loratuko da

Loraldia jaialdiaren laugarren edizioa gaur, martxoaren 5ean, abiatuko da eta hil honetako 26ra bitartean luzatuko da. Euskal kultur industria suspertzearen helburua duen aurtengo lore buketak hainbat hitzordu interesgarri proposatuko ditu datozen egunotan.

Loraldia jaialdiaren laugarren edizioa Lau sormen-haizetara lemapean egingo da aurten. Guztira 22 egunetan 30 hitzordu kultural antolatu dira Bilboko gune askotan (Azkuna Zentroa, Bilborock, Elkar dendak, Kafe Antzokia, La Fundicion, Cafe Bilbao, eta bar), euskal kultura berriz lora dadin Bizkaiko hiriburuan. Ohikoa den bezala edizio honetarako propio sorturiko hainbat lanek argia ikusiko dute “200 artistaren eskutik”.

Gaur berton izango da lehen zita. Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez. Hitzen ahairea. zeri kantatzen diogu euskaldunok? mintegi musikatua egingo du Gotzon Barandiaran (idazlea) eta Rafa Rueda (musikaria) bikoteak, Bira Kultur Gunean. Ikastaro-musikatu honek idazleek eta kantugileek gure herria zelan kantatu duten aztertuko du. Euskal kantagintzatik abiaturik, Rafa Rueda musikariak kantak joko ditu zuzenean Gotzon Barandiaran idazleak azalduko dituen gaien ildotik.

Programazioaren barruan mila kontu erakargarri izango duzue gozatzeko, adibidez, Mikel Martinezek Tabernaria. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña izeneko bakarrizketa egingo du Cafe Bilbaon; eszenara salto eginez, proposamen askoren artean Sagartu egingo dute Hika eta Oinkari dantza taldeek; musikaren atalean Inun kantariak Aingurak lan berria aurkeztuko du; eta horiez gain, Antton Abbadia Dublinetik Hendaiara, Oteizak 110, Hiru Emakume,  Lekeitiokoak, Imanol Jazz, Ruper Ordorikari omenaldia, Banpiro Maitaleak eta beste mila lore-ikuskizun programatu dituzte Loraldia jaialdiaren barruan.

Guztiak programazioan dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button