ESZENA

“Obabakoak”, poema sinfoniko-bisuala

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Bernardo Atxagak, Calixto Bieito Arriaga Antzokiko Zuzendari Artistikoak eta Gorka Martínez BBK-ko Zuzendari Nagusiak aurkeztu dute gaur goizean Obabakoak obraren antzerkirako moldaketa berria. Agerraldian ikuskizuneko antzezle guztiak ere izan dira: Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Iñake Irastorza, Lander Otaola, Gurutze Beitia, Eneko Sagardoy, Ylenia Baglietto, Miren Gaztañaga, Ainhoa Etxebarria, Koldo Olabarri eta Karmele Larrinaga.

Gaur goizeko aurkezpenean, Bernardo Atxagak eskertu nahi izan du,  “ez modu protokolarioan eta xahutu gabeko hitzen bidez”, Arriagak eta Calixto Bieitok eman dioten poza bere lanaren adaptazioa egiteagatik. Liburuaren nondik norakoak azaldu ditu gero, eta “bere sukaldetik” abiatu zela hainbat istorio kontatzeko esan du: “nire sukaldea munduko sukaldea zen, nire paisaia mundukoa ere bai, eta bertan bizitza pusketak bazeuden, eta horiek hartu nahi nituen nik, mundukoak balira bezala, mundua ere gure lurraldea  baita eta gure hizkuntzari esker tokia hartu du bertan”. Azkenik antzerkiari eskertu nahi izan dio “bizitzaren konplexutasunari erreparatzea, gauza askori buruz hitz egiten baitu antzerkiak”.

Calixto Bieitok bere aldetik, eta hitz gutxitan, esan du Atxagaren lana nobela totala dela, guztia hartzen baitu: pentsamenduak, hausnarketak, paisaiak, amodioa, desamodioa, heriotza, eromena, natura, deseoa…. Aukeraketa bat egin dut ipuin guztien artetik, intuizioz eta maitasunez, eta azkenean, obra hau poema sinfoniko-bisuala izango da hamaika ahotsentzat”.
Obabakoak lanaren moldaketa honek Sarah Derendinger sortzaile suitzarraren ikus-entzunezko proiekzioak, musika eta ahots moldaketak, eta mota guztietako beste soinu batzuk hartzen ditu; horri gehitu behar zaio Susanne Gschwenderrek zuzendutako oso eszenografia bitxia.

Arriaga Antzokian izango dira Obabakoak obraren erabateko estreinaldiak, hala euskaraz nola gazteleraz, zehazki, urriaren 18tik 21era euskaraz, eta ondoren, azaroaren 23tik 26ra, gaztelaniaz. Arriagan estreinatu ondoren, euskarazko bertsioak  bost emanaldi eskainiko ditu Bartzelonako Teatre Lliure antzokian, eta ostean, Euskal Herriko hainbat txokotan izango da ikusgai: Donostian (Victoria Eugenia, azaroaren 4an), Santurtzin (Serantes Kultur Aretoa, azaroaren 9an) eta Gasteizen (Principal Antzokia, azaroaren 14an).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button