ARTEA

GEUK plataformaren “Premiazko Egitasmoen Neurriak”

GEUK plataformak agerraldi publikoa egin du gaur goizean Bilboko Kafe Antzokian eskakizun argi batekin: “etzi batzartuko den Kulturaren Euskal Kontseiluari Euskal Herrian kulturgintzan ari garen hainbat eragilek adostutako Premiazko Egitasmoen Neurriak aintzat hartzea eskatu gura dugu”.

Aitor Narbaiza, Gabriel Ocina, Olatz Aielca, Ixiar Garcia eta Rosa Parma kideak, Euskal herriko kulturgintzan aritzen diren ehunka kolektiboren kezkak azaltzeko modu eraikitzailea batean sinestuta agertu dira mahaiaren bueltan, GEUK plataformak orain arte egin duen ibilbidea komentatzeko asmoz, eta batez ere, ibilbide horretan egindako bilkura askoren baitatik sortu diren kezka eta beharren  gaineko Premiazko Neurrien Egitasmoa izeneko dokumentua ezagutzera emateko asmoz.

“2014an Durangon burututako bi deialdi zabaletatik ondorioztatu ditugu eta epe ertain zein luzean, Euskal Herrian kulturgintzan ari garen sortzaile, antolatzaile ( herrimugimendu, pribatu, administrazio publiko), komunikabide, hezkuntza arautu zein ez arautuko hezitzaile eta zaleok osatzen dugun kulturaren ekosistemaren endekatze progresiboari aurre egitea dute xede.
Kulturgintzan ari garen 300etik gora herritarren ekarpenek osatzen duten Premiazko Neurrien Egitasmoa Kulturaren Euskal Kontseiluari, Legebiltzarrari, bestelako administrazio publikoei, alderdi politikoei zein herritar orori aurkeztuko dizkiegu, guztion artean kulturak bizi duen egoera larriari konponbidea xerka diezaiogun”.

Eta aipatu duten bezala, ekimen hau ez da ezeren kontrako aldarrikapena, izan ere, ekimen parte-hartzailea da, “guk parte hartu nahi dugu”.  Proposamena “eguneroko bizitzak erakusten digunaren isla da, ez da ezer estralurtarra”, aipatu dute.

Hartu beharreko neurri hauek erronka bilakatu ziren hasieratik, eta batzuk honakoak dira: oso anitza da eta oso sakabanatuta dagoen sektorea artikulatzea;  komunikabideetan kulturari tarte gehiago eskaintzea; sorkuntza sustatzeko neurriak gauzatzea; kulturgintza teknologia berriek dakartzaten aldaketetara moldatzeko laguntzak lortzea; hezkuntzaren eta kulturaren arteko harremana sustatzea; kultur industria sendotzeko neurriak adostea, eta kulturgintzari atxikitako enplegua sustatzea.

Erronka hauek kontuan izanda sortu da Premiazko Neurrien Egitasmoa izeneko txostena, hainbat puntutan ardazten dena: Babes Juridikoa, Babes Ekonomikoa, Sorkuntzaren Babesa, Ekoizpen eta Zerbitzuen Babesa, Artikulazioa eta Ikusgarritasuna.

Txosten osoa hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button