ARTEA

“Mariscal Unibertsoa” Kubo-Kutxa Aretoan

Valentziako artistaren diseinuekin baikortasunez eta kolorez beteko da Kubo aretoa, urriaren 21etik 2012ko urtarrilaren 29ra. Erakusketak Mariscal Bizi Poza! du izena eta diseinatzailearen lan-prozesuaren berri ematen du.

Artista multidiziplinar hau bere komiki, barrualdeak diseinatzeko lan, enpresen irudi korporatibo, altzari eta abarrengatik da ezaguna, horiek egin baitute nazioartean ospetsu. Erakusketa honetan, Mariscalen estilo berezi eta paregabea ezagutu ahalko da, haren mundu konplexu eta kaleidoskopikoan sartuko gaituzten instalazioen bidez.

Javier Mariscal Valentzian jaio zen 1950ean, baina ibilbide profesionala Bartzelonan egin du. Bi hirien kultura mediterraneoa haren lanean agertzen da: kultura horretatik hartu ditu bere diseinuen ezaugarri diren hedonismoa, baikortasuna eta sinbolismoa, baita paleta kromatiko sutsua eta hurbilketa poetikoa ere. Multidiziplinartasuna balio aitortua izan aurretik, bere jarduera profesionalean inolako konplexurik gabe igarotzen zen jakintza-arlo batetik bestera, jakin-min nekaezinari eta berrikuntza bilatzeko irrikari esker. 

Bere lan industrialagoaz gain, Mariscalek erakusketa honetarako berariaz egindako bi elementutan gauzatu du bere alderdi artistikoagoa: Bizi Poza eskultura, hizki erraldoiz egina, eta 2 x 2 m-ko lau mihise handiz egindako mural handia.

Zinema (Chico y Rita filma), Kolore Lantegia, katalogoa eta Jolas- eta Hezkuntza-Jarduerak izango dira erakusketa interesgarri honen beste osagaiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button