EZLEKUBAT

Agurtzane Intxaurraga: “Bere konfliktoekin aurrez aurre jarri nahi dut ikuslea”

Hika Teatroa konpainiak Hitzak antzezlanaren estreinaldia egingo du euskaraz asteburu honetan, azaroak 23, 24 eta 25, Donostiako Antzoki Zaharrean, 20:00etan.  Tratu txar emozionalak ditu ardatz. Gai mingarri hori jorratzeko, eta antzezteko, hiru emakume, gizon bat eta ume bat taularatuko dira. Agurtzane Intxaurraga (Orozko, 1966) zuzendari eta aktorearekin mintzatu gara antzezlan honi buruz hitz egiteko.

Hitzak, emozionalki lan intentsua dirudi, ikus-entzulea hunkitzeko asmoz?

Noski. Antzerkiak eta emozioa gauza bera dira niretzat.  Berdin zait barre algaraka emozionatzea  ala  negarrez, krudelkeriaz ala sutileziaz. Ikusleak zerbait sentitu behar du, eta are hobeto sentitzen duen emozio horrek, obrak irauten duen momentua gainditu eta egunetan ere zer esana sortzen  badu.   Kasu honetan bere konfliktoekin aurrez aurre jarri nahi dut nik ikuslea. 

Tratu txarrak jasan dituzten emakumeei buruzko istorioa baino, emakume horiek ulertzeko ahalegina dela esan duzu, azal iezaguzu baieztapen hau.

Duela urte batzuk,  bikote batean gertatu zen egoera baten lekuko izan nintzen. Gizonak  emakumea gutxietsi eta iraindu zuen. Hitzekin. Hotsik altxa gabe. Emakumea ez zen defenditu, ez zuen ezer esan. Isilik geratu zen, hantxe, geldi. Ezer gertatu ez balitz bezala. Huraxe izan zen hitzak antzezlana idazteko abiapuntua. Emakume haren isiltasunaren atzean zenbat min, zenbat isilpeko sentimendu egongo ziren gordeak pentsatu nuen, eta bere jarreraren arrazoien bila hasi nintzen. Nire buruarekiko ariketa bezala hasi nintzen hitzak idazten, gerora antzerkira eramango nuela jakin gabe.

Espazio domestikoa ezinbesteko elementua ematen du. Nola baldintzatzen du istorioa?

Horrelako egoerak batez ere etxeko zuloan ematen direla uste dut, nik ikusi nuen eszena hura kalean izan zen arren. Gure frustrazioak, gure amorrazioak, ondoan ditugun pertsonengan adierazten ditugu errazago, eta etxeak biltzen ditu horiek guztiak. Etxe barruan gertatzen diren tragedia txikiak dira niri interesatzen zitzaizkidanak.

Nola moldatu zara zuzendari eta aktore lanetan?

Uf! esperientzia intentsua izan da. Aspaldiko partez oholtza gainean izango naiz eta batzuetan zaila egin zait bi esparruak kontrolatzea. Entsegu guztiak grabatu ditut eta gero etxean ikusi, errebisatu eta analizatu. Baina Miren Gojenola laguntzaile zuzendari izateak asko erraztu dit erronka hau. Hala eta guztiz, momentu batzuetan ondo egiten ote nenbilen galdetu diot nire buruari. Izan ere, nahiz eta denboratxo bat neraman neure buruari esaten bazela garaia aktore lanetara bueltatzeko, benetan hau gertatu izanaren arrazoi handiena ekonomikoa izan zen. Umearen pertsonaia panpin batekin egingo nuela garbi nuen, eta horrek bosgarren aktorea kontratatzera behartzen ninduen. Gauzak dauden moduan, garai hauetan hori gehiegitxo zen, eta neuk egingo nuela pentsatu nuen. Nirea bai ausardia! Zuzendu eta gainera antzeztu,  sekula egin ez dudan zerbait eginez: panpina bati ahotsa jarri, eta bizia ematen.

Umea antzezteko txotxongilo bat erabili duzue,  zaila izan da horrelako elementu bat txertatzea emozioz beteriko obra batean?

Aktoreak eta panpinak… Gorakadaren Ogro Txikia antzezlana zuzendu nuenean halaxe aritu ginen. Bi diziplina interpretatiboren fusioa oso interesgarria dela iruditzen zait. Aberasgarria. Kontua da aurreko galderan aipatu bezala, panpina horri bizia ematea ere lan handia izan dela. Ordu asko eman ditu etxean ispilu aurrean entseatzen. Baina Dejabu taldeko Urko eta Javi Tiradok, panpinaren egileak, asko lagundu didate. Eurak nola manipulatzen zuten ikusi nuenean, ez nuen zalantzarik izan egindako aukeraketa egokiena zela. Hezur haragizko aktore bat umearena eginez baino hobea, alegia. Nik uste ikusleak umea panpina dela ahaztu eta Antton ikusiko duela segituan.

Emakume ezberdinak hartu dute parte antzezlanean, zein asmo izan duzu belaunaldi ezberdinetako pertsonaiak aukeratzean?

Ane Pikaza, Ainhoa Aierbe eta Klara Badiola ditut eszenatokian Marirena eginez. Mari gaztea, hitzen xuxurlak maitemindu duena, Mari Heldua, konflikto etengabean bizi den emakumea eta Mari nagusia, eromenaren ispilu. Hiru emakume bat, eta bera direnak. Historiaren iragana, oraina eta etorkizuna aurrez aurre. Hauxe da, ziurrenik antzezlanaren dramaturgiaren giltza: Mari gazteak ez daki beste biak bera direnik, eta bere harremanean ez sartzeko eskatuko die besteei, baina Mari helduak ezin du isilik egon, berak egindako hutsak zuzendu nahi dizkio. Mari nagusiak, aldiz,  ez du aholkurik ematen, bere umearekin bizi da izar usoak harrapatzen. bakoitzak bere bizipenak dituen arrean, elkarri lotuta biziko dira hirurak.

Bakoitzak bizi duena, ordea, oso desberdina da eta ikusleak beti izango du aukera baten jarrera edo beste batena ulertu edo gaitzesteko. Eta zer esanik ez gizonarena edo umearena.

Tratu txarrak nabarmenak al dira antzezlanean?

Segun eta norberarentzat tratu txarra zer den. Tratu txarra min fisikoarekin lotzen baduzu, halakorik ez da ikusten. Ez dago. Gure historiak beste era bateko minak erakutsiko ditu, ordea, hitzekin, besterik gabe sortzen direnak. Hitz iraingarriak, gutxietsi egiten dutenak, labanak bezalakoak. Horiek normalean ez dute tokirik gure hedabideetan, ez dira notizia, baina asko ematen dira. Guk uste baino gehiago ziurrenik. Nork ez dio noiz edo noiz hitz txar bat, mingarria esan maite duen horri, nahita edo hasiera batean nahi gabe…  Nik hitz horiekin osatu dut historia. Hitzez hitz, tragedia bat osatu arte.

Ostiral honetan aurkezten da obra Donostian.  Zer bide  egingo du hortik aurrera obrak?

Beno, hori publikoak esango du eta noski baita programadoreek ere. Bide luzea izatea espero, asko hitz egitea Hitzak-i buruz. Hasteko nik uste atentzioa deitu duela. Nahikoa jendek, bai programadore, bai emakumeen inguruan lan egiten duten jende askok, deitu digu antzezlana ikustera etorriko direla esateko. Edozein modutara, nerbioak hortxe daude, nire barruan bueltaka, gora eta behera. Baina talde lan bikaina dudala badakit, eta nik uste defendatzen jakingo dugula. Donostiatik Igorrera goaz, abenduaren 4an, eta otsailaren 22an, Beasainen izango gara. Otsailean gaztelaniazko bertsioa ere prestatuko dugu, eta martxoan Donostiako Antzerki Ferian izateko esperantza daukagu. Luzea, bide luzea izango ahal du!!!

Argazkilaria: Dani Blanco

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button