MUSIKA

Joseba Jaka Beka Ines Osinagak jaso du

Bi urtetik behin elkar Fundazioak sormenerako ematen duen Joseba Jaka beka Ines Osinagak jasoko du aurten. Orain, musika sortzaile horrek urte beteko epea du bere disko bat sortu ahal izateko.

2016an jarri zen Joseba Jaka beka berriro martxan, eta orduan erabaki zen sormen beka izatea eta deialdi bakoitzean kultur adierazpide ezberdina saritzea. Aurreko ekitaldietan literatura eta antzerki sormenerako izan da beka eta aurtengo deialdia musika proiektuak laguntzeko izan da.

Aurtengo sortzaile saritua Ines Osinaga izan da, Itsasoa da bide bakarra proiektuarekin. Joana Barbierrek, Sara Zozaya Apalategik eta Jon Eskisabel Urtuzagak osturiko epaimahaiak aukeratu du balorazio honekin: “Proiektu bizia dela baloratu dugu, aldez aurretik itxita ez dagoena, sormen prozesuko unean uneko bizipenek, gertaerek eta esperientziek forma eman eta edukiz osatuko dutena. (…)  Disko bat egitetik haragoko proiektua da, Kubako kultura, historia eta gizartea hobeto ezagutzeko aukera emango duelako hamar emakumeren istorioen bidez. Emakumeek hain zuzen, oso garrantzi handia dute proiektuan: proiektuaren sortzailea, abesti berrien protagonistak eta diskoan parte hartuko duten musikariak emakumeak dira.”

Proposamen horrek 10.000 euroko beka jaso du.

Ines Osinagak bere aldetik saria eskertu du: “Sormen prozesua ez da erraza izaten, batzuk uste dute bapateko kontua izaten dela eta ez da hala. Zailtasun eta krisialdi asko izaten da tartean; emaitza ona lortzeko aurretik hamar zirriborro zaborretara bota behar izaten ditut nik behintzat. Zentzu horretan, beka honek ematen didan aitortza oso garrantzitsua da niretzat”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button