ESZENA

“Salto” antzezlana Bilbon eta Donostian

Metrokoadroka & J.B. Pedradasek Salto antzezlana estreinatuko dute aste honetan Bilbon eta Donostian. Urriaren 23an, 21:00etan, Bilbon egingo den BAD jaialdiaren barruan, eta urriaren 25ean, 20:00etan eta 26an, 19:30ean, Donostiako Lugaritz kultur etxean.
Javi Barandiaran da artista printzipala eta Pako Revueltas-ek egin du zuzendaritza artistikoa Oier Guillanen testu batean oinarriturik.

Lana honetan datza: pertsonaia bat gela itxi batean sei maniki-bururekin hizketan ari da, obsesio bakarrarekin: “Salto egiteak ezberdintzen nau hildakoetatik”. Pertsonaiaren azpian aktorea sumatuko dugu tarteka, pertsonaiatik sartu-atera ibiltzen dena, publikoa zuzenean itauntzen duena. Umore absurdua, kode eszenikoen arteko jolasa, hunkigarritasun arraro bat. Publikoari bere salto propioa topatzeko gonbitea.
Testuak elementu poetikoak txertatzen ditu eta modu jarraian edota zatika irakur daiteke.

Gaia sinplea bezain korapilatsua da: salto egitearekin duen obsesioa; hilda ez egotearekin duen obsesioa. Bestelako gaiak ere ukituko ditu: azazkalak eta ilea, bakardadea, hegan egitea askatasunarekin lotzen duen ideiaren iraultzea, paraxutistak…

Salto egitearen inguruko obsesio horren isla da pertsonaiak behin eta berriz gogora ekartzen duen filma: Butch Cassidy and The Sundance Kid. Filmeko protagonistek amildegi batetik salto egitea erabaki behar dute momentu batean. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button